BDZ mugimenduak Arabako Foru Aldundiari eskatu dio bertan behera utzi ditzala Israelgo Hapoel eta Maccabi saskibaloi taldeek Gasteizen jokatzekoak dituzten partidak. Izan ere, martxoaren 27an eta apirilaren 7an dira Gasteiza etortzekoak Hapoel eta Maccabi saskibaloi taldeak, hurrenez hurren.
Mugimenduaren nazioarteko ordezkaritza batek agerraldia egin du astelehenean, Arabako Batzar Nagusietako Lehendakaritza Batzordean, eta bertan salatu dutenez, bi klub horiek "Israelgo erregimenaren apartheid politiketan parte hartzen duten kirol enbaxadoreak" dira, eta euren jardunak "Palestinako herriaren aurkako genozidioaren zuriketa eta normalizazioa" sustatzen du.
Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren mugimenduak gogorarazi du Maccabi Tel Aviv Israelgo estatuaren ordezkari nagusietako bat dela nazioarteko kirolean, eta azken urteotan armadaren aldeko kanpaina publikoetan parte hartu dutela, bai zuzendaritzak, bai jokalariek. Halaber, Gazako genozidioan armadari babesa eta funtsak biltzeko ekimenetan aritu izan direla nabarmendu dute.
Hapoel Jerusalem taldeari dagokionez, BDZk salatu du klubaren jabe den Ofer Yannai enpresariak publikoki goraipatu duela Israelgo armadaren jarduna Gazan, eta klubaren irudia erabiltzearen aurka agertu diren zuzendaritzako kideak kaleratu dituela. Gainera, Gazako operazio militarretan parte hartu duten soldaduei laguntzeko fundazio bat sortu izana ere kritikatu dute.
Euroliga eta aldundia arduradun
Mugimenduak azpimarratu du Euroliga ez dela ohiko kirol lehiaketa bat, baizik eta ekimen pribatua, eta parte hartzeko klubek ekarpen ekonomiko bat egin behar dutela. Horregatik, BDZren iritziz, Israelgo taldeek Europan egiten dituzten bisitek "ez dute kirol-asmorik", eta Hasbará izeneko Israelgo gobernuaren egitura propagandistikoaren estrategiaren parte dira.
BDZk gogorarazi du Maccabiren aurreko bisitetan "eskubide zibilen urraketak" gertatu izan direla Gasteizen, tartean Mossadeko agenteen presentzia, manifestazio eskubidearen murrizketa eta ikur legalen bahiketak. Halaber, talde sionisten zaleek Europako beste hiri batzuetan eragindako istiluak aipatu dituzte, hala nola Bilbon 2022an eta Amsterdamen 2024an.
Israelgo ordezkarien partidak jokatzekoak diren pabilioia, Buesa Arena, Arabako Foru Aldundiaren jabetzakoa denez, BDZk aldundiari eskatu dio "erantzukizun instituzionala" har dezala eta "nazioarteko zuzenbide humanitarioarekin bat ez datozen" ekitaldiak bertan behera uzteko. Era berean, eskumena duten gainerako erakundeei ere dei egin die antzeko neurriak har ditzaten.