Alfredo de Migueli hirugarren gradua eman diote, zigorraren herena bete aurretik

Jon Hidalgo 2026ko otsailaren 3a

De Miguel auziko auziperatuak, epaiketan. Argazkia: EITB

Hamabi urteko zigorretik bederatzi bete behar zituen arren, bi urte eta erdi eman ditu kartzelan. Auzi berean zigortutako Otxandiano, Telleria eta Sanchez Robles ere hirugarren graduko erregimenean daude jada.

Alfredo de Miguel EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohiak hirugarren gradu penitentziarioa eskuratu du, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak baieztatu duenez, Zaballan eta Basaurin bi urte eta erdi preso eman ondoren. Gradu progresioa Bilboko Epaitegiaren Espetxe Zaintzako Atalak onartu du, Basauriko kartzelako tratamendu batzordearen irizpidearen aurka.

De Migueli hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2019an, Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz argitu den ustelkeria kasurik handienetako batean. Kontratu publikoen adjudikazioetan legez kanpoko komisioak kobratzea leporatu zioten, prebarikazioa, dirua zuritzea, influentzia trafikoa eta dokumentuak faltsutzea. Auzitegi Gorenak 2021ean zigorra hamahiru urtetik hamabira murriztu zuen, baina gehienez bederatzi urte bete beharko zituela zehaztuta.

100.2 artikulutik hirugarren gradura

De Miguel 2023ko uztailaren 6an sartu zen Zaballako espetxean, epaileak agindutako epea amaitzear zela eta indultu eskaera eta bestelako alegazioei ezezkoa jaso ondoren. Hamahiru hilabete igaro ondoren, 2024ko abuztuan, 100.2 artikulua aplikatu zioten, tratamendu batzordearen kontrako iritziarekin hau ere. Horri esker, bigarren graduan egon arren, kanpoan lan egiteko aukera izan zuen, eta Basaurira lekualdatu zuten.

Ordutik, goizetan Bizkaiko aholkularitza enpresa batean aritu da lanean, eta gauez itzultzen zen kartzelara. Basauriko tratamendu batzordeak erregimen horretan jarraitzea proposatu zuen, baina De Miguelek kexa bat aurkeztu zuen, eta epaileak haren eskaera onartu du. Hemendik aurrera, astelehenetik ostegunera soilik joango da espetxera lo egitera.

Gainerakoak ere hirugarren graduan

De Miguel ez da auzi bereko zigortuen artean hirugarren gradua lortzen lehena. Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria, EAJren ABBko beste bi buruzagi ohi, urtarrilean sailkatu zituzten hirugarren gradura, kontrol telematikoarekin. Xabier Sanchez Robles, berriz, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazteriarako eta Ekintza Komunitariorako zuzendaria zena, iazko irailean pasa zen erregimen horretara, bi urte eta hiru hilabetez preso egon ondoren.

Auzitegi Gorenak hirurei egotzi zien beren eragin politikoa eta administrazio barruko harremanak erabiltzea obra eta zerbitzu kontratuak enpresa jakin batzuen esku uzteko, komisio irregularren truke. Komisio horiek sozietate pantaila bidez ezkutatzen zituzten, hala nola Kataia Consulting SLren bidez.

Ebazpen irmoa

Justizia Sailak adierazi duenez, epailearen erabakia irmoa da eta ez da helegiterik aurkeztu. Hirugarren graduak aukera ematen die presoari eta bere ingurune sozialari egokitutako erregimen batean zigorraren azken zatia betetzeko, ohiko baldintzak betetzen direnean: portaera egokia, gizarteratze ibilbide egokia eta babes sare egonkorra.

De Miguelek, beraz, espetxealdiaren zatirik handiena kartzelatik kanpo beteko du, eta eguneko jarduera arrunta etxean egingo du, astelehenetik ostegunera gauez espetxera joan beharko badu ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago