Iraultza 1921 elkarteak salatu du azken asteetan "jazarpen olatu berri eta ulergaitza" pairatzen ari direla, bai zelai barruan, bai kanpoan, eta neurri horiek "legezkotasun zalantzagarrikoak" direla. Adierazi dutenez, alaveszaleen artean haserrea eta kezka piztu dira azken jardunaldietan Mendizorrotzan gertatutakoen ondorioz.
Elkartearen arabera, gatazka ez da berria. "Lehenengo gure pankartaren debekua etorri zen. Gero, Iraultza 1921i buruzko aipamen oro zelaien barruan. Jazarpena bidaietan, gure izena esateko debekua eta abar luze bat. Orain, Mendizorrotza janzten duten muralen zentsura oraindik asimilatu ez dugunean, alaveszaleok jasaten dugun jazarpenari buelta berri bat ematen zaio, gure etxean bertan, gure izena daramaten bufandak eta arropak konfiskatuta".
Taldeak azaldu duenez, neurriak modu "indiskriminatuan" aplikatu dira harmailetan; gazteak, adinekoak, haurrak eta familiak arakatu dituzte, inolako bereizketarik gabe. Are gehiago, salatu dute zelaitik irteterakoan ere jarraitu dutela konfiskazioekin, hasieran agindua zelai barruan bakarrik aplikatzekoa zela esan bazen ere.
Ertzaintzaren jardunari kritikak
Iraultza 1921ek adierazi du Mendizorrotzako segurtasunaren ardura duten Ertzaintzako agintariek hartu dutela neurriak aplikatzeko erabakia. Haien hitzetan, "lasaitasuna zegoen lekuan kaosa sortu dute", eta gertatutakoa "0 km labeldun eraso" gisa definitu dute, hau da, kanpoko agindurik gabe bertan erabakitako ekintza gisa.
Elkarteak nabarmendu du kontraesana dela Eusko Jaurlaritzak, alde batetik, Iraultza 1921 elkartea ofizialki aitortzea eta, bestetik, haren izena eta presentzia zigortzea. Iraultza 1921ek gogorarazi du 2012tik erregistratutako elkartea dela, nortasun juridiko propioa duela eta bere eskubideak normaltasunez egikaritu izan dituela urte hauetan guztietan.
Hala ere, azken asteetan "magiaz desagertzen" direla diote, zelaietako tornuak igarotze hutsarekin. Gainera, salatu dute ez dutela inolako jakinarazpen ofizialik jaso, ezta zerrenda "legezkotasun zalantzagarriko" horretan sartzeko arrazoien berri ere. "Ez dugu alegatzeko aukerarik izan, eta gure azalpen eskaerak ere ez dituzte erantzun", azaldu dute.
Elkartearen ustez, neurri horien helburua zalegoaren barruan duten eragin soziala murriztea da. Hala ere, argi utzi dute ez dutela amore emango: "Debekatutako zortzi letrak eta lau zenbakiak Mendizorrotzan egoten jarraituko dute. Gure etxea da, eta alaveszale guztiona".