Udal emagin gisa aritu zen 49 urtez, 1673 eta 1722 urteen artean, eta hirian izan ziren ehunka jaiotzatan lagundu zuen, 10.000 biztanle zituen garaian. Haren heriotzak zirrara handia eragin zuen udalbatzan, aktan jaso zutenez. Pixkanaka, ordea, ofizioa prestigioa galtzen joan zen, trebezia falta leporatzen zieten akusazio interesatuen ondorioz, lanbidearen agintea kirurgiak hartu zuen arte. Manuel Ferreiro eta Juan Lezaun erizainek argitaratutako ikerketa baten arabera, XVIII. eta XIX. mendeetan emaginen lana baztertua izaten hasi zen. Emaginei egozten zieten hilkortasun perinatalaren erantzukizuna.
Erizainen kronikak argi uzten du garai haietan bizi izandakoa: urteek aurrera egin ahala, jakituria hori, belaunaldiz belaunaldi transmititutakoa, gizonezko zirujauen eskuetara igarotzen hasi zen, emakumeak laguntzaile soil bihurtuz. Gasteizen, esaterako, udal kontratua galdu zuen emaginak, eta zirujaua kontratatzen hasi ziren lan horretarako. XX. mende erdialdean profesional gisa onartuak izan ziren arte, emagin gisa musu-truk aritu ziren horiek gogoan dituzte Trebiñun ere: Albaitako Petra Argote eta Generosa Argote, Paritzako Teresa Otxaran eta Casilda Moraza....