Manzanos eta Argantzon arteko Abiadura Handiko Trenaren zazpi kilometroko zatia lizitatzeko baimena eman dio gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak Garraio eta Mugikortasun Jasangarri Ministerioari. Obrak aurrekontu handia du, 225,17 milioi euro, eraiki beharreko azpiegituren zailtasunak direla eta.
Zazpi kilometroko zatian zazpi zubibide egin beharko dituzte. Zehazki, zazpi kilometroetatik 2,5 kilometro zubibideak izango dira. Zadorra ibaiaren gainetik pasatzeko, adibidez, kilometro bat luze izango duen zubibidea eraiki beharko dute, eta 50 metroko altuera hartuko du. Gainera, 222 metroko hormigoizko arkua izango du, ibaia, Madril-Hendaia linea, N-Ia eta A-1a saihesteko.
Zazpi zati
Burgos eta Gasteiz arteko obra zazpi zatitan banatuta dago eta dagoeneko hiru zatitan egin du aurrera ministerioak. Alde batetik, iazko uztailean Pancorbo eta Ameyugo arteko lanak hasi zituen (8,4 kilometro), 391 milioi euroko aurrekontuarekin. Orain, urte erdi geroago, beste bi zatiren lizitazioa bultzatu du, Burgos hiriburuaren eta Valle de las Navasen (Burgos) arteko 16,7 kilometroko zatia, eta Manzanos eta Argantzon artekoa (7 kilometro).
Bitartean, Adif gainerako lau proiektuen inguruko proiektuak idazten eta lizitazioa prestatzen ari da: Navas-Piernagas, Piernagas-Pancorbo, Ameyugo-Manzanos-Miranda Ebrorekin integrazioa, eta Argantzon-Iruña Oka.