Mehatxupean da Araban finkatu berri den elano urdina

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 27a

Elano urdinak Afrikako Sahelean eta Asia tropikalean bizi dira. Argazkia: PIXABAY/JEANVDMEULEN

Hontza elkartearen arabera, bigarren aldia da elano urdina Araban ugaltzen dela. Solariaren Zigoitiako proiektuek hegaztiaren ugalketa arriskuan jar dezaketela ohartarazi dute.

Zigoitian ugaldu da bigarren aldiz Araban elano urdina (elanus caereleus). Hontza Natura elkarteak berri eman duenez, harraparia 2025eko martxoan antzeman zuten lehen aldiz, eta habia erkamezti batean kokatu zuen. Elkarteak nabarmendu duenez, azken hogei urteetan bigarren aldia da espeziea Araban ugaltzen dela. "Lehen ugalketa 2005ean izan zen, Arabako Lautadan". 

Alta, berri pozgarriarekin batera ohartarazpena egin du Hontzak, elano urdinaren bikotea bizi den ingurunea Solariak proposatzen dituen proiektu ugarietako baten "mehatxupean" dagoelako: "Elano urdinaren bikote bakarra dago Araban eta Euskal Herri osoan, eta hura galtzea kolpe handia izango litzateke gure biodibertsitatearentzat". Gaineratu dutenez, oraindik ere bikoteak Zigoitian jarraitzen du, eta litekeena da aurten ere bertan ugaltzea.

Arabako lurrak "estali" eta espezie autoktonoak zein egoiliarrak "desagerrarazi nahi dituzten" makro proiektuen aurrean, administrazioek biodibertsitatea kontserbatzeko ardura dutela gogoratu du Hontzak, eta esan dute espero dutela Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ingurumen txostenetan espezie babestu eta mehatxatuak kontuan hartuko dituztela.

Harrapari afrikarra

1970etik aurrera Afrikatik sartu eta Iberiar penintsulan zabaltzen eta ugaltzen hasi zen harraparia da elano urdina, eta Europa hegoaldean batez ere Espainian zabaldu da. Euskal Herrian, Araban bakarrik egiaztatu da ugaltzen dela.

Hontzak antzemandako bikoteak aukeratutako lekua Eribe herrian dago, heskai eta sega-zelai ugarien inguruan. Hegaztiaren ehizalekua, berriz, Eribe, Maurga eta Gopegi herrien arteko bailara izan da. Hontza elkarteak azaldu duenez, bertako belardiek eta ezpondek harrapakin ugari harrapatzeko aukera eman diote, hala nola lursagarrak, "aurten oso ugariak izan direnak".

Espezieak ugaztun txikiak ehizatzen ditu, batik bat lursaguak, beraz funtsezko espeziea da Arabako lursaguen kontrol biologikoan.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago