IRITZIA

Isilik geratzea politika egitea da

Markel Elortza Exea 2026ko urtarrilaren 27a

'Gure haurrak ere badira' taldeak Plaza Berrian egindako ekimena. Argazkia: ALEA

Askotan ahoa betetzen zaigu konpetentzia eta halakoen inguruan hitz egiten: pentsamendu kritikoa, informazioa kontrastatzeko gaitasuna, ikuspegi globala, herritartasun aktiboa… Baina hauek ez dira testuliburuetako definizioekin lantzen, praktikan jartzen baizik.

Gasteizko Bigarren Hezkuntzako institutu batean irakaslea naiz. Aldi berean, Gure haurrak ere badira ekimeneko kidea. Ekimen honen bidez, aukera sortu zait Batxilergoko ikasleekin mahai-inguru bat egiteko Defense for Children International – Palestine GKEko kideekin, Paz con Dignidad erakundearen laguntzari esker. Helburu sinple eta hezitzaile batekin: ikasleek erakunde honen jarduna ezagutzea eta Palestinan haurrek bizi duten egungo egoeraren berri zuzenean jasotzea.

Institutuko zuzendaritzak, ordea, ezezkoa eman dio proposamenari. Ez soilik ikasle guztientzako jarduera gisa, baizik eta baita "Gaur egungo gatazkak eta errealitateak IKT eta prentsaren bidez" irakasgaian lantzeko aukerari ere. Arrazoia? Guraso batzuen kexak egon izan direlako iraganean, jarduera "politikoak" antolatu izanagatik.

Erabaki hori, zintzotasunez, tamalgarria iruditzen zait. Ez delako hemen eztabaida politiko bat planteatzen ari. Ez delako alderdi, bandera edo ideologia jakin bat sustatzeko ekimena. Hemen hizpide duguna giza eskubideak dira, haurren eskubideak, zehazki.

Askotan ahoa betetzen zaigu konpetentzia eta halakoen inguruan hitz egiten: pentsamendu kritikoa, informazioa kontrastatzeko gaitasuna, ikuspegi globala, herritartasun aktiboa… Baina hauek ez dira testuliburuetako definizioekin lantzen, praktikan jartzen baizik. Nahiz eta batzuetan errealitate hauek gogorrak eta deserosoak izan…  

Nazio Batuen Erakundeak berak ohartarazi duen moduan, genozidioa sufritzen ari den herria da Palestina, eta honen errealitatea ezagutzea aukera pedagogiko baliotsua da, pentsamendu kritikoa ez ezik, enpatia ere lantzeko.

Zintzoak bagara, galdera deseroso bat egin behar dugu: gauza bera gertatuko litzateke Ukrainari buruzko jarduera bat proposatuko balitz? Zaila da sinestea. Badirudi gatazka batzuk "onargarriak" direla ikasgelan lantzeko, eta beste batzuk, aldiz, arriskutsuak edo desegokiak balira bezala tratatzen direla. Palestinaren kasuan, aurreiritzi ugari pilatu dira urte luzez, eta horietan guztietan sionismoaren eragin mediatiko eta politikoak pisu handia izan du.

Horrek ez du esan nahi ikasleei diskurtso bakar bat eman behar zaienik. Kontrakoa, hain zuzen: informazio iturri  desberdinak ezagutzea, nazioarteko zuzenbidea zer den ulertzea, giza eskubideen urraketak identifikatzen ikastea. Defense for Children International bezalako erakundeek, NBEekin lankidetzan, ekarpen horixe egiten baitute.

Eskolak ez luke beldur izan behar errealitate gordinaz. Are gutxiago, beldur horrek isiltasunera eta autozentsurara eramaten badu. Hezkuntzaren funtzioa ez da ikasleak burbuila batean babestea, baizik eta mundua ulertzeko tresnak ematea. Eta mundu hori, gustatu ala ez, gatazkaz betea dago.

Giza eskubideak lantzea hezkuntzaren parte da. Hauek ez lantzea ordea, politika egitea. Isilik geratzen garenean edo egoera bat salatzen ez dugunean, erabaki politiko bat hartzen ari gara. Eskolak, baldin eta gizarte justuago bat eraikitzeko tresna izan nahi badu, ezin ditu begiak itxi Palestinako haurren sufrimenduaren aurrean.

Markel Elortza

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago