Behiei eragiten dien dermatosi nodular kutsakorraren aurkako txertaketa Euskal Autonomia Erkidego osora ez zabaltzeko Nekazaritza Ministerioak hartu duen erabakia kritikatu du Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailak. Momentuz, ministerioak Gipuzkoara mugatu du txertaketa egiteko baimena.
Amaia Barredo Nekazaritza sailburuaren ustez, ministerioaren jarrera horrek "sentikortasun falta" adierazten du, eta EAEko abeltzainak "egoera kezkagarrian" uzten ditu, bertoko "abeltzaintza ustiategien errealitatea" eta "lehen sektorearen funtzionamendua" kontuan hartzen ez dituela iritzita. Esan duenez, "abeltzaintzaren mugikortasunak eta larre komunalen erabilera partekatuak txertaketaren ikuspegi zabalago eta prebentiboagoa eskatzen dute".
Barredok gogora ekarri du Jaurlaritzak aukera mugatuagoak proposatu dituela; besteak beste, peritxertaketa eremua bat txertatzea Arabako eta Bizkaiko larre komunaletan. Horren aurrean, Jaurlaritzak zabaldutako informazioaren arabera, "Frantziako eskualde mugakideetan dagoen txertaketa maila altuan" oinarritu da ministerioa EAE osorako txertaketa "ukatzeko".
Frantzian, bestalde, txertaketaren kontrako jarrerak agertu dira ere zenbait sektoreren artean; kasurako, Ipar Euskal Herriko laborari batzuek Libre izeneko kolektiboa sortu dute, esanez Frantziako ministerioak ez duela txertaketa "inposatu" behar. Araban, UAGAk eskatu du behi guztiak txertatzeko, eta soilik hiltzeko gaixotasunean positiboa eman duten abereak.