Kantxan aktibo jarraitzen badu ere, ekainetik beste erronka bat du esku artean Ane Ibañezek (Gasteiz, 1991), Arabako Pilota Federazioko lehendakaria baita. Haize berriak eraman nahi ditu pilotara, modalitate desberdinak sustatu, eta bereziki emakumeak erakarri nahi ditu frontoira. Erizaina lanbidez, agenda estuan tarte bat egin du ALEArekin kargu berriaren lehen pausoez hitz egiteko.
Nolakoa izan da lurreratzea Arabako Pilota Federazioko lehendakaritzan?
Egia esateko, gazi-gozoak izan dira hilabete hauek. Urduri nentorren postu honetara, kudeaketa mailan esperientziarik ez nuelako eta ikasteko asko neukalako. Eta eguneroko martxarekin ikasten ari naiz, a las bravas. Hala ere, federazioak berez funtzionatzen du, langileak ditu, eta horrek lana asko erraztu dit. Gainera, aurreko lehendakaria ere ezagutzen dut, Iker Gereta, eta bere eskutik joan naiz gehienbat lehenengo hilabeteetan. Klubeko jende gehiena ere ezagutzen dut, eta horrek ere leundu du bidea. Pixkanaka hasi gara gure proiektu txikitxoak martxan jartzen. Ikasten ari gara oraindik, baina gauzak ordenatuago daude.
Zurekin batera, lantalde berria ere sartu da. Pilota modalitate guztiak ordezkatuta daude?
Hori izan da gure asmoa hasieratik. Bost laguneko taldea osatu dugu, eta helburua federazioan haize berria sartzea izan da. Guretzat ezinbestekoa zen modalitate desberdinak presente egotea junta horretan, eta jende berria aukeratu nuen, bakoitza bere esparruan aditua: badaukagu esku pilotan aditua den pertsona bat, zesta puntan beste bat, fronteniseko ordezkaria eta erremintetan gomazko palan ari den beste bat. Nik neure aldetik, gehienbat trinketean ibiltzen naizenez, hutsune hori betetzen dut. Egia da jende gehiago gonbidatu genuela parte hartzera, baina uste dut ulertzekoa dela; horrelako kargu bat hartzea ez da erraza.
Zein izan zen zure motibazioa kargua hartzeko?
Behar bat zegoela sentitzen nuelako eman nuen pausoa. Iker Geretaren bultzada jaso nuen, eta hor hasi zen nire buruhaustea. Baina egia da nik ere ikusten nuela aldaketa baten beharra zegoela. Eta gehien bultzatu nauena, egia esateko, emakume izatea bera da; erronka hori aurrera atera nahi nuen, bazen garaia emakume batek kargu hau hartzeko.
"Emakumeak pilotara erakartzea da nire erronka nagusietako bat"
Hurrengo urteei begira, zein helburu jarri duzue Federazioan?
Araban pilota sustatzea zaila izaten da gehienetan, eta are erronka zailagoa da euskal pilotan hainbeste modalitate izanda. Hori da gure helburua, modalitate batzuk hiltzen ez uztea, horiek ere sustatzea, eta guztiak presente izatea gure lanetan. Pertsonalki, nire erronkarik nagusiena emakume pilotariak frontoira gerturatzea da, eta horretarako sustapen lana egitea. Lan handia egiten ari da Araban honen inguruan, baina oraindik beharra dago, eta horretan jarraituko dugu.
Beste kirol hegemonikoekin lehiatu beharra dago?
Askotan "espazioen apropiazioa" deitzen diogun fenomenoa gertatzen da, eta horrek mina ematen du. Pena handiz ikusten ditugu frontoi irekietan futbolean edo padelean jokatzen ari direnean, apropiazio kulturaletik gertu ia [barrez]... Frontoiak beste espezialitate batzuk okupatuta ikustea gogorra da pilotariontzat. Gogoan dut duela gutxi Getxora joan ginela entrenatzera, eta, Mendizorrotza bezalako frontoi gune batean, frontoi baten erdian, padeleko lauzpabost kantxa ikusi genituen. Hori arazo handia da. Badakigu badirela gurea baino indartsuagoak diren kirolak, baina gure betebeharra da euskal pilota babestea eta transmititzea. Gure kulturaren funtsezko kirola da, eta guztion artean zaindu egin behar dugu.
Eskolek zer garrantzia dute borroka horretan?
Sekulakoa, baina egia da asko kostatzen zaigula eskoletara gerturatzea. Badugu beste erronka handi bat: euskal pilota curriculumean sartzea. Momentuz zaila ikusten dugu. Badakit nire aurretik ere saiatu izan direla hau ezartzen, baina bultzada ematen jarraituko dugu. Eskoletan pilota sustatu behar da, oinarrizko mailan. Gaur egun, eskolaz kanpoko ekintzetan eskaintza egon arren, umeek askotan futbolera jotzen dute zuzenean, horiek dituztelako erreferente nagusiak, horregatik bultzatzen jarraitzea beharrezkoa da.
Zure kasuan, zein izan zen pizgarria pilotan hasteko?
Ikastolan ikasi nuen pilota zer zen, Ikasbidean. Zorte handia izan genuen, asko inplikatu zelako ikastolako guraso bat, Jokin Larrañaga. Aipamen berezia merezi du. Lagun baten aita zen, eta berak barneratu gintuen gure gelako hamar bat neska frontoian. Hor hasi ginen pilotaz gozatzen, hor hasi zen nire motibazioa. Frontoia topaleku bilakatu zen; lagun egin ginen, eta dena kirolari esker. Egia da hamar haietatik gutxi batzuek jarraitzen dugula gaur egun jokatzen, baina esperientzia oso aberasgarria izan zen. Hori da nik transmititu nahiko nukeena.

Inoiz imajinatu zenuen ondoren bide hau egingo zenuenik pilotan?
Ez. Eta egia da hasiera batean lagun arteko jolasa zena nire bizi estiloa bilakatu zela. Maila handiagoa hartzen joan nintzen, eta lehiatzen federazioen arteko txapelketetan, Euskal Ligan... eta hainbat sari irabazten. Hori ere izan da arrazoietako bat ni federazioan hasteko; niri pilotak eman didan hori guztia bueltan emateko aukera ikusten nuen federazioan, eta horretan saiatuko gara.
Eta pilotan aktibo jarraitzen duzu, bien bitartean.
Bai, aktibo jarraitzen dut. Kargua onartu nuenean, hori izan zen nire zalantzarik handiena. Kantxan geratzen zaidan denbora aprobetxatu nahi dut. Eta momentuz uztartzen ari naiz, gustora.
Pilotaz bizitzea aukera bat izan da zuretzat noizbait?
Beti izan da aisialdiko jarduera bat. Momentu askotan oso presente izan da nire bizitzan, baina ez naiz inoiz profesionala izan. Batetik, nire modalitatean ezinezkoa delako, nahiz eta nazioarteko txapelketetan parte hartu. Eta, bestetik, badakigulako profesional maila oso urruti dagoela emakumeontzat. Are urrutiago esku pilotan ari ez garenontzat. Bi oztopo nahiko handi ditugu hor.
Nolakoak izan dira nazioarteko txapelketetako esperientziak?
Gogorrak dira, baina oso politak. Prestaketa ikaragarria eskatzen dute; lan fisiko handia egin behar dugu gure baldintza onenean heltzeko. Eta kontuan hartu behar da ni ez naizela profesionala: nire lana dut, erizaina naiz, eta ondoren entrenatu egin behar dut. Elite mailako entrenamenduak egin behar dira, bidaia asko, txapelketa luzeak... oso nekagarria da, baina aldi berean aberasgarria. Espainiako Selekzioarekin konpetitu izan dugu, eta orain gertuago daukagu Euskal Selekzioarekin lehiatzeko aukera; dagoeneko lehiatu izan dut, eta ilusio berezia egiten dit; gure kolore eta gure herriko jendearekin jokatzeko aukera esperientzia oso aberasgarria da.
"Euskara eta pilota batera doaz. Batak bestea beharrezko du bizirauteko"
Une honetan, zer lehia duzu esku artean?
Trinketean gabiltza buru-belarri. Arabako txapelketa jokatzen ari gara orain. Nagore Martinekin batera, bi neska gara txapelketa misto batean jokatzen, Arabako lehen mailan. "Tira, berriro irabazi duzue!" esaten digute lagunek askotan, baina garaipen bakoitzaren atzean lan handia dago. Gainera, oraindik ez dugu inoiz lortu Arabako txapelketa misto hau irabaztea elkarrekin; erronka hor dugu. Eta, aldi berean, begirada Argentinan dugu, aurten munduko txapelketa jokatuko baita han. Modalitate berri batekin hasi gara, frontenis olinpikoa, eta uda osoan zehar lanean arituko gara Argentinara Euskal Selekzioarekin joateko aukera lortzeko.
Federazioak nola lagundu dizu? Garrantzitsua izan da?
Bai, beti asko zaindu gaituzte. Batzuek pribilegio bat bezala ikusten dute, baina nik ez nuke horrela esango. Orain, beste aldean nagoenez, badakit emakumeen kirolera bideratutako diru laguntzak badaudela, eta guk lortutako emaitzek ondorioa dutela federazioan eta klubetan. Mimo bereziz zaindu gaituzte, baina guk ere lan handia egin dugu horretarako. Federaziotik egiten den lana beti da kirolaren onurarako, hori argi daukat.
Zaramagako Txapelketa Soziala aurkeztu berri duzue, 374 pilotari bilduko dituena. Apustu garrantzitsua da, ezta?
Bai. Bat egiten dut Zaramagako klubak duen ikuspegiarekin, auzotik auzoarentzat egindako lanarekin, egiten duten lan handiarekin, eta bereziki emakume pilotarien alde egiten duten apustuarekin. Momentu honetan Leire Garai daukagu erreferente gisa Araban, eta bera ari da bertako Emakumeen Txapelketa prestatzen; hamabi bikote izango dira promesa mailan, eta elite mailako zenbait bikote ere ekarriko ditu. Kategoria guztietako pilotariak izango dira Txapelketa Sozialean, eta hori oso aberasgarria da; txikienek aukera izango dute euren etxean Euskal Herriko onenak ikusteko, eta hori funtsezkoa da zaletasuna pizteko. Aukera bikaina da.
Zeintzuk izan dira zure erreferenteak pilotan?
Trinketean aritu izan direnak dira nire erreferenteak txikitatik. Maite Ruiz de Larramendi izan da niretzat handienetarikoa. Baita Maider Mendizabal ere. Gure aurretik etorri ziren emakume horiek dira bidea urratu zutenak nazioartean. Maiteren kasua aipagarria da: bere garaian ez zegoen emakumeentzako lekurik esku pilotan, eta erremintara pasatu behar izan zuen. Ibilbide oparoa egin zuen horrela, eta orain, nagusiagoa denean lortu du esku pilotan lehiatzea. Eredu bat da guztiontzat.
Zer esango zenioke hasi berri den neska bati?
Aukerak badaudela. Pena ematen dit telebistan esku pilota ia bakarrik ikusteak, pena hori dugu palan ari garenok. Baina guk ez genituen gaur egungo baliabideak eta erreferenteak, eta aurrera egin genuen. Ikusgarritasuna apurka-apurka lortuko dugu; bide luzea da, baina helduko da gure momentua, baita beste modalitateena ere.
Araba mailan, zein da pilotari kluben egoera?
Berriki Agurainen frontoi berria inauguratu dute eta hango pilotari gazte kopuruak harritu nau, oso pozgarria da. Amurrion eta beste zenbait herritan ere sekulako lana egiten ari dira kirola sustatzeko. Baina, aldi berean, Arabako Errioxa pixka bat eskapatzen ari zaigula uste dut; garai batean presentzia handiagoa zuen han pilotak, eta gustatuko litzaiguke zonalde hori berreskuratzea, gehiago sustatzea. Bultzada bat eman behar diogu inguru horri jendea frontoira itzultzeko.

Nolako lekua du euskarak? Arnasguneak ere badira frontoiak, ezta? Zer lanketa egin duzue federaziotik?
Euskarak pilotan leku guztia hartu behar du. Batak bestearen beharra dute bizirauteko. Eta pertsonalki ere hori bizi izan dut; frontoietan beti euskara izan da hizkuntza niretzat, eta azken urte hauetan frontoietatik aldenduta egon naizenean nabaritu izan dut espazio hori pixkat galduta neukala, eta federazioan lanean ari naizenetik euskara berreskuratzea lortu dut. Federaziotik ere, noski, saiatuko gara hori sustatzen. Plan asko ditugu martxan, eta, besteak beste, Harrobi saria jaso dugu egindako lanagatik. Kanpaina eta ekintza berezi batzuk antolatzen jarraituko dugu frontoiak euskaratu eta erdigunean jartzeko.
Enpresa profesionalekin nolakoa harremana du federazioak?
Momentu honetan eskasa, hotza. Garai batean Federazioak antolatzen zituen jaialdi profesionalak, baina orain enpresek kudeatzen dute dena modu pribatuan. Eta jakin badakit pilotarientzat motibazio bat dela profesional mailara heltzea, baina gaur gaurkoz, halere, ez da nire lehentasuna harreman hori estutzea; beste erronka asko ditugu. Guk oinarria indartu nahi dugu lehenik.
"Trinketea ezezaguna bada ere, deskubritzera gonbidatuko nituzke arabarrak; mnerezi du"
Nola irudikatzen duzu Arabako pilota hemendik hamar bat urtera?
Esperantza dut. Arabako txapelketako finalean ikusi dudan giroak indarra ematen dit. Profesionaletan baino beteago egon zen, eta hori bada aipagarria nire ustez. Zaletasuna badago, eta horretaz baliatzen saiatuko gara berriz ere frontoiak betetzeko. Epe motzera, trinketeari dagokionez, martxora arte dugu txapelketa; jendeari gerturatzeko esango nioke, ezezaguna izan arren, merezi duela. Modalitate asko eta oso politak daude bertan deskubritzeko.
Azken orduko albistea da Arbitraje Auzitegiak bidea eman diola Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasunari. Nolako balorazioa egiten duzue?
Pozik hartu dugu erabakia, eta espero dugu aurrera egitea. Positibotzat jotzen dugu Arabatik eta Euskal Federaziotik. Luze joan da, zalantza askorekin pasa dugulako urte hau, aldaketa asko suposatuko dituen erabaki bat delako, eta kolokan zegoelako oraindik. Positiboa da euskal pilotarentzat eta pilotariontzat. Eta behin erabaki hau hartuta, espero dut orain pilotarietan eta gure txapelketetan zentratzea, prestatu eta gure maila erakutsi ahal izateko.