Fiturren aurkeztu dute Gasteiz Araba Film Commission

Anakoz Amenabar 2026ko urtarrilaren 21a

Fitur azokan aurkeztu ikus-entzunezkoen erakunde berria. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Lurraldeak 300 filmatze egun inguru erregistratu zituen iaz, aurreko urtean baino %14 gehiago.

Madrilgo Fitur azokan aurkeztu dute gaur Gasteiz Araba Film Commission erakunde berria, lurraldea ikus-entzunezkoen ekoizpenerako helmuga lehiakor gisa sustatzeko asmoz. Ekitaldian Maria Nanclares Kultura zinegotziak eta Ander Larrinaga foru zuzendariak parte hartu dute, Alvaro Benitez ekoizlearekin batera.

Erakunde berri honek ekoiztetxeei laguntza integrala eskainiko die kokapenak bilatzeko, baimenak kudeatzeko eta tokiko profesionalekin harremanetan jartzeko. Nanclaresek Gasteizko eta Arabako paisaiaren moldakortasuna azpimarratu du, Gasteizko Alde Zaharreko jauregietatik hasi eta Arabako Errioxako mahastietaraino, edozein istorio filmatzeko "agertoki ezin hobeak" direla nabarmenduz. Bestalde, Larrinagak pizgarri fiskalen garrantzia nabarmendu du, proiektuen bideragarritasuna eta jarduera ekonomikoa bermatzeko "funtsezko tresna" baitira nazioarteko merkatuan lehiatzeko orduan.

Gasteiz Araba Film Commissionen helburu nagusia izapideak erraztea eta logistika hobetzea da, mundu osoko ekoiztetxeek Araba aukera dezaten beren proiektuak garatzeko. Datuen arabera, sektorea hazkunde betean dago lurraldean: 2025ean 299 filmatze egun erregistratu zituen, aurreko urtean baino %14 gehiago. Guztira 37 proiektu izan ziren iaz, horien artean Sacamantecas edo The night house bezalako film luzeak, baita nazioarteko hainbat telesail ere, "Gasteiz eta Araba zinemaren industrian erreferente" bihurtzen ari direla berretsiz. 

Aurkezpenean, Araban filmatutako Netflixeko Innato telesaila jarri dute adibide gisa, eta Belen Rueda edo Juanma Bajo Ulloa bezalako sektoreko profesionalen babesa jaso dute bideo bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago