Martxoak 3

'Ekinez egina, memoria eta borroka' dinamika aurkeztu du Ernaik

Anakoz Amenabar 2026ko urtarrilaren 21a

Amaiur Egurrolak eta Ane Sautuak aurkeztu dute Ernairen dinamika. Argazkia: ERNAI

Martxoaren 3aren 50. urteurrena baino lehen, hainbat hitzaldi emango dituzte, eta egunean bertan lore eskaintza egingo dute Gasteizen.

Martxoaren 3ko sarraskia gertatu zela 50 urte betetzen direnean, Ernai gazte antolakundeak kanpaina berri bat abiarazi du Gasteizen, urtemuga bitartean egingo dituzten mobilizazio eta ekimenak iragartzeko. Duela 50 urteko borrokaren lekukoa hartuta, gaur egungo gazteria "herri honen askatasunaren eta bizi baldintza duinen alde lehen lerroan" dagoela adierazi dute bozeramaileek.

Testuinguru horretan, 1976an erregimen frankistak hildako bost langileen oroimena aldarrikatu dute, eta gaur egungo borrokak "iraganekoen jarraipen zuzena" direla gogoratu. Memoria ariketa kolektibo baten beharra nabarmendu du antolakundeak, atzera begiratzea gaurko erronkei aurre egiteko gakoa delakoan. Gasteizko sarraskia eta Txiki eta Otaegiren hilketak "erregimen beraren" isla direla gogorarazi dute, eta horren aurrean, "omenaldirik onena borrokan jarraitzea" dela berretsi. 

Ekinez egina, memoria eta borroka dinamikaren barruan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Horien artean, Ekinez egunkari berezia argitaratu dute, garaiko gertakarien irakurketa politikoa jasotzen duen berripapera. Horrez gain, hitzaldi bira bat egingo dute Euskal Herri osoan zehar, eta martxoaren 3an, urteurrenaren egunean, lore eskaintza eta gazte bazkari bat egingo dituzte Gasteizen. 

Hurrengo asteetarako hitzaldi sorta bat antolatu dute Ernaiko kideek. Argazkia: ERNAI 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago