Arabako BDZ plataformak salatu duenez, Gasteizko Udalak 2.194.291 euroko kontratua esleitu dio Caixabank Equipment Finance enpresari, udalaren ekipo mikroinformatikoak berritzeko. Hala, Israelgo armadarekin lankidetzan aritzea egotzita Boikota, Desinbertsioa eta Zigorrak zerrendan agertzen diren markekin (HP, Intel eta Microsoft) bat egitea leporatu diote.
Erosketa horren bidez, HP markako 4.997 ordenagailu berri eskuratuko ditu, Intel Core i5-14500T prozesadoreekin eta Windows 11 sistema eragilearekin hornituak. BDZren iritziz, enpresa horiek "aktiboki" laguntzen dute Palestinako herriaren aurkako genozidioan, eta erosketa horrek Gasteizko Udala krimen horien "zeharkako parte hartzaile" bihurtzen duela ohartarazi.
Kontratazioaren plegu teknikoak Gazako erasoaldia gertatzen ari zen bitartean idatzi zirela jakinarazi dute. Agiri horietan ingurumen bermeak eta hizkuntza zein genero irizpideak zehaztu ziren arren, ez zen giza eskubideen errespetuari lotutako klausula etikorik ezarri. "Administrazio prozedurak ez zuen inolako mugarik jarri Palestinako gatazkan 'eragin positiboa' duten enpresak baztertzeko". Baldintza agirien eranskin teknikoetan, halaber, ekipoek Intel Core prozesadorea izan behar dutela ezartzen dute, prestazio berdinak edo handiagoak dituzten produktuak baztertzen dituela. "Palestinako genozidioan erabat inplikatuta dagoen enpresa baten alde egiten du horrela, jarduera kriminaletan inplikatuta ez dauden alternatiba egokiak egon arren".
BDZ Arabako kideeen esanetan, ziurrenik ez da inplikazio horren inguruko "asmo kontzienterik" egon. Hala ere, dei egiten die erakundeei, funtzionarioei eta norbanakoei erosketa publikoetan eta pribatuetan "arreta handiagoa" jartzeko, oraingoan egindakoa "zuzentzeko" aukerarik ez bada ere. "Aintzat har dezagun gure ekintzak zuzenean eta zeharka inplikatuta egon daitezkeela Palestinako herriak Israelgo Estatuaren esku jasaten dituen krimenetan".