Atzoko giro eguzkitsua alde batera utzi eta egun hodeitsua izango dugu gaurkoa, noizean behin euria egiteko aukerarekin. Eolo hego-mendebaldean mantenduko da, oso bolada gogorrekin: abisu horia eman du Euskalmetek, baina momentuz soilik Bizkai eta Gipuzkoarako. Tenperaturak atzokoak baino epelagoak izango dira, 5 eta 11 gradu artean kokatuz.
Ostegunerako ere zeru hodeitsuak iragarri du euskal meteorologia agentziak, AEMETek giro argitsuagoa ikusten badu ere. Biak ala biak bat datoz egunaren bigarren partean bereziki euria egiteko probabilitate handiagoa egongo dela. Elur kota 1.200-1.500 metro artean kokatuko bide da. Haizeak gogotsu segituko du goizean, mendebaldetik, baina arratsalderako indarra galduko du. Termometroak 3 eta 11 gradu artean egongo dira hiriburuan.-