Disuasio aparkalekuen gaineko azterketa, aurten

Juanma Gallego 2026ko urtarrilaren 20a

Hirigunera sarbidea erraztu nahi du proposamenak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Hiriburuarekin lotuko duten doako aparkalekuak eskatu ditu Elkarrekin Arabak bultzatutako mozio batek, bertan eguzki panelak jartzeko aukera aztertuz.

Arabako Mugikortasun Planak Gasteizen jartzea aurreikusten dituen disuasio aparkalekuak egiteko azterketa aurten egingo da, Elkarrekin Araba, PSE, EAJ eta PP alderdiek astelehen honetan adostu eta erregistratu duten erdibideko zuzenketa batek hori eskatuko diolako ofizialki aldundiari.

Elkarrekin Podemos IU taldeko bozeramaile David Rodriguezen esanetan, gai horretan “atzeratzen ari ginen, eta urgentea zen erabakiak hartzea”. Dioenez, doako aparkaleku hauekin lortu nahi dute "landa eremuko biztanleriarentzako hirirako sarbide erraztea" eta bertara "ahalik eta ibilgailu gutxien" sartzea.

Batetik, mozioan, batzar nagusiek aldundiari eskatzen diote Bigarren Mugikortasun Planean jasota dauden disuasio aparkalekuak egin ahal izateko ikerketa bat egitea aurten. Aparkaleku horiek landa eremuko biztanleei begira eraikitzeko asmoa dute, eta bertatik doako garraioa aterako litzateke, hiriko gainerako garraio publikoarekin edota bidegorriekin lotzeko.

Modu berean, Gasteizko Udalari eskatzen diote egungo aparkalekuak handitzeko aukerak aztertzeko, eta hiriburutik kanpoko udalerrietan erroldatutako bizilagunei begira aparkatzeko tokia uztea "baldintza eskuragarrietan".

Bestetik, aparkaleku berri horietan eguzki panelak jartzeko aukera mahai gainean jarri du proposamenak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago