Lurraren defentsaren aldeko mugimendua sasoi onean dago. Arabako txoko guztietara hedatu da, mota askotako ekimenak aurrera eramanez eta hamaika mobilizazio eginez kaleetan, milaka eta milaka pertsona mobilizatuz. Azken asteotan ere Mercosur akordioaren kontrako protestak ikusi ditugu lehen sektorearen eskutik.
Mugimenduaren arrakasta posible izan bada pentsaera anitzeko talde eta pertsona desberdin askoren arteko lankidetzaren bitartez eman delako izan da, beharrak eta lurraldearen gaineko mehatxuek bultzatuta. Baina, testuinguru honetan, bestelako diskurtso arriskutsu batzuek ere saiatu dira presentzia izaten.
Gobernu, instituzio eta alderdi politikoek ez daukate gaitasun errealik krisi klimatikoari aterabidea emateko. Trantsizio energetikorako politikekin eta paktu berdearekin ez dira gai munduak bizi duen krisi ekologikoa geldiarazteko. Kontrara, martxan jarritako proposamenek, eredu fosilistari eta etengabeko hazkunde ekonomikoaren logikari jarraiki, krisi honetan sakontzea baino ez dute lortzen.
Europak bizi duen gainbehera ekonomikotik ateratzeko helburuekin ematen ari den maila industrialeko energia berriztagarrien instalazioen zabalpena negoziorako eta espekulaziorako estrategia besterik ez dela agerian geratzen ari da, inolako deskarbonizaziorako aukerarik erakutsi gabe (hauxe marketin hutsa dela argi utziz, greenwashing-a).
Hiriburuetan emisio gutxiko eremuak ezartzen dituzten bitartean, errepide bidezko garraioa eta ozeanoz haraindiko hegaldien areagotzea bultzatzen dute. Hiri ortuak egiten dituzten bitartean, lurraldea AHTaren obrekin arrakalatzen dute, lurrak desjabetuz eta mendi eta zelaiak porlanez betez. Makroproiektu fotovoltaiko eta eolikoen okupazioarekin lurraldea suntsitzen duten bitartean, Arabako kontsumo elektriko osoa hirukoiztuko duten makro datu zentroak eraikitzen dituzte.
Garapen jasangarrirako eta ingurumena zaintzeko programak finantzatzen dituzten bitartean, industria belikoa indartzen dute (erregai fosilen guztiz menpekoa dena), Palestina bonbardatzen dute, NATOk gerrara garamatza Europako ekialdean, eta petrolioa eta gasa arpilatzen jarraitzen dute munduan zehar (Estatu Batuen erasoa Venezuelari berriena).
Politika "berdeen" antzutasunak eskuin muturreko diskurtsoentzat abagunea utzi du. Mendebaldeko gizarteen bizimodu inperialaren agortzearekin batera, Europa osoan zehar hedatzen ari diren mugimendu faxista eta erreakzionarioek diskurtso antiklimatikoak garatzen dituzte.
Estraktibismoan eta energia fosiletan oinarritutako gailentasun koloniala mantentzen jarraitzeko migrazioaren kontrako diskurtso kriminalizatzaileak garatzen dituzte, fokua krisi ekologikotik aldenduz. Gurean oraindik horrelako diskurtsoak oso agerikoak ez badira ere, hauek indartzen joango direnaren arriskua mahai gainean dago.
Beste aldetik, estatuek haien politikak oztoporik gabe ezartzeko eta kaleko protestak isilarazteko errepresioaren makineria osoa indartzen jarraitzen dute, eta hori ere gogoan izatea komeni zaigu.
Lurraren defentsaren aldeko mugimenduko militanteok ezin diegu diskurtso erreakzionarioei lekurik utzi, eta argi izan behar dugu talde erreakzionarioak ez direla inolaz ere bidelagun. Horien aurrean, krisi ekologikoa eta energetikoa gainditzeko egiten dugun hautua oso bestelakoa da.
Guk energiaren desmerkantilizazioaren alde egiten dugu (ekoizpenean eta distribuzioan), lurraren eta baliabide naturalen jabetza eta zaintza komunalaren alde egiten dugu (logika publiko-pribatua gaindituz eta pribatizatutakoa birjabetuz) eta gizartearen garapen arrazional baten alde egiten dugu, naturak ezartzen dituen mugetara egokituz.
Hau guztia aurrera eraman ahal izateko egungo sistema ekonomiko kapitalista gainditzea ezinbestekoa dela ere badakigu, merkatuaren eta jabetza pribatuaren logikek ez baitigute aurrera egiten utziko.
Elite ekonomikoek beren irabaziak handitzen jarraitzeko elikatzen ari diren gatazka belikoei eta diskurtso erreakzionarioei aurre egitea gure egitekoa ere bada, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako mobilizazioetara batuz, gizartearen esparru guztietan talde eta diskurtso arriskutsuak zokoratuz, eta instituzio eta politikarien gehiegikeriak salatzen jarraituz.
Iker Ruiz de Infante eta Itziar Martinez de Luna, Araba Bizirik
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.