Abian da Arabako Bertsolari Txapelketa. Igande honetan aurkeztu dute Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean. Herrialdeko bertsogintzaren bilakaera eta 1982an hasitako bidea nabarmendu dituzte ekitaldian, "elkarrekin eraikitzen" jarraitzeko asmoz. Txapelketa otsailaren 7an hasiko da Oionen eta martxoaren 28an amaituko da Gasteizko Europa jauregian.
Guztira 18 bertsolarik hartuko dute parte lehian: 2024ko lau finalistek eta 2025eko sailkapen fasean aritutako 14 onenek. Txapelketa hiru fasetan banatuko da: lehen faseko saioak Oionen, Laudion eta Izarran jokatuko dira; finalaurrekoak Dulantzin eta Aramaion izango dira; eta azkenik, sei bertsolari onenek Gasteizko finalean neurtuko dituzte indarrak.
Antolakuntzak lantalde zabala osatu du txapelketa aurrera eramateko. Zehazki, bederatzi epaile eta hamaika gai-jartzaile arituko dira lanean, eta horietako bost izango dira saioak aurkezteko arduradunak.
Bertsozaleek urtarrilaren 22tik aurrera erosi ahal izango dituzte sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean. Txapelketaren jarraipen zehatza egiteko, Arabako Bertsozale Elkarteak bere webgunea, sare sozialak eta bertsoa.eus kanala jarriko ditu herritarren eskura, informazio eta eduki guztiak partekatzeko.