Muntaketako langileen bila dabil Mercedes Benz, urtarrila eta ekaina bitartean Gasteizko lantegian sartzeko, Adeccok jakinarazi duenez. Furgoneta elektrikoak muntatzeko plataforman behar dituzte beharginak, nagusiki VLE modelokoak ekoizteko. Hautaketa prozesu bat ireki dute horretarako.
Adeccok ohar baten bidez jakinarazi duenez, lanpostu horretarako beharrezkoa da Lanbide Heziketa izatea, ahal dela goi mailakoa, industria sektorean esperientzia, plano teknikoak irakurtzeko gaitasuna eta txandaka nahiz arratsaldeko txanda finkoan lan egiteko prestasuna.
Gainera, honako hauek baloratuko dira: jarrera proaktiboa, taldean lan egiteko gaitasuna, etengabeko hobekuntza bilatzea, Gasteizen edo inguruko eremuetan bizitzea eta etxebizitza Gasteizera edo inguruetara lekualdatzeko aukera izatea.
Gasteizko lantegiko zuzendaritzak hartu duen kontratazio eredua, ordea, gaitzetsi egin du enpresa batzordearen gehiengoak, lan baldintzak "prekarizatzen" dituelakoan.