Goya sariak

Patricia Lopez Arnaiz eta Susana Abaitua, aktore onenen lehian

Anakoz Amenabar 2026ko urtarrilaren 13a

'Los domingos' pelikulan egindako lanagatik izendatu dute Patricia Lopez Arnaiz. Irudia: 'LOS DOMINGOS'

Goya sarietarako izendapenen artean, gainera, Urkijoren 'Gaua' pelikulak hiru lortu ditu.

Otsailaren 28an banatuko ditu Espainiako Zinema Akademiak Goya sariak, Bartzelonan, eta, aurten ere, zinemagile arabarrek beren lekua izango dute jaialdian. Emakumezko aktore onenaren kategorian izango da ordezkaritza zabalena: Patricia Lopez Arnaiz eta Susana Abaitua izango dira lehian.

Alauda Ruiz de Azua zuzendariaren Los domingos lanak lortu du izendapen gehien, hamahiru, eta horien artean Patricia Lopez Arnaizena, aktore protagonisten artean. Susana Abaitua, berriz, Agustin Diaz Yanesen Un fantasma en la batalla pelikulan egindako lanagatik izendatu dute. Aktore arabarrekin batera, Angela Cervantes, Antonia Zegers eta Nora Navas ere aukeratu dituzte kategoria berean.

Los domingos pelikularen atzetik, Oliver Laxeren Sirat pelikulak hamaika izendapen lortu ditu; Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas euskarazko pelikulak bederatzi; eta Manuel Gomez Pereiraren La Cena-k, ostean, zortzi.

Paul Urkijoren Gaua filmak, berriz, teknika arloko hiru izendapen jaso ditu; jantzi diseinua, makillaje eta ile apainketa, eta efektu berezien kategorian. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago