Francori eta Molari ohorezko tituluak kenduko dizkiete

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 12a

Franco diktadorearen desfilea Gasteiz hiri erdian. Argazkia: PHOTO.ARABA

EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin-ek titulu horiek kentzeko foru araua aurkeztu dute gaur.

Arabako Batzar Nagusiek Francisco Franco diktadoreari eta Emilio Mola 1936ko altxamendu militarreko buruzagiari emandako "probintziaren aita" tituluak kentzeko prozedura onartuko dute. Astelehen honetan, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Arabak titulu hori kentzeko foru araua erregistratu dute, eta proposamena bihar pasako da bozeramaileen mahaitik.

Gehienez hilabeteko epean bozkatuko da eta aurrera aterako da foru araua Arabako Batzar Nagusien osoko bilkuran, batzarkideen %80aren babesarekin. PP eta Vox alderdiek ez dute ekimena babestu.

Dominen erregistroa

EH Bilduk esan du ekimena 47 urte "berandu" iritsi dela, baina halere "albiste ona" dela azpimarratu du, "azkenean legea betetzen delako eta diktadura frankistak errepresaliatutako pertsonen memoria historikoa errespetatzen delako". Horrez gain, EH Bilduk galdera batzuk erregistratu ditu, Arabako Foru Aldundiak erregimen frankistan emandako dominen, sarien, aitortzen eta ohorezko izendapenen erregistroa noiz egingo duen jakiteko.

Eva Lopez de Arroiabek adierazi duenez, "frankismoa diktadorearengandik askoz haratago joan zen erregimena izan zen", eta EH Bilduk uste du "ideologia frankistagatik pertsonei edo garai hartako erregimenarekin harremana edota lankidetza izan zutenei emandako izendapen guztiak garbitu behar direla".

Elkarrekin-eko bozeramaile David Rodriguez bere aldetik harro agertu da gaur, "oroimenaren, justiziaren eta demokraziaren beraren zapalketarekin" amaitu behar duen urrats bat ahalbidetu dutelako, eta ildo horretan gogoratu du koalizioa izan zela frankistei tituluak kentzeko mozioa aurkeztu zuena. Bere ustez, diktadorea hil eta 50 urtera, "diktadoreak eta haren akolito kolpistek aintzatespenak eta ohoreak izaten jarraitzen dute Araban".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago