Odola emateko deia egin du Osakidetzak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 12a

Odol talde guztietan dago beharra. Argazkia: ALEA

Erkidegoan beharrezkoa da egunean 400 odol emate inguru jasotzea, tratamenduak eta osasun jarduera bermatu ahal izateko.

Odola behar dela ohartarazi dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak azken astean, eta herritarrei dei egiten diete odola eman dezaten. Ohikoa denez, Gabonetako jaien ondoren erreserba mailak nabarmen jaitsi dira. Gainera, gripeak jota gaixo egon diren askok ezin izan dute odolik eman hilabete osoan,

Hartara, aurreko urteetan baino behar handiagoa dago egunotan, eta erreserbak baxu daude odol-talde guztietan.

Osakidetzako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak (TGEEZ) gogorarazi du odola ematea dela oraindik ere transfusiorako edo plasmatik eratorritako medikamentuak egiteko osagai ugari lortzeko modu bakarra.

Odola emateko baldintzak eta lekuak

Gogoan izan behar da odola emateko baldintzak hauek direla: 18 eta 65 urte bitartean izatea, osasun egoera onean egotea (arnasbideetako birusen bat izan dutenek 15 egun itxaron behar dute) eta 50 kilo baino gehiago pisatzea.

Odola emateko puntu finkoak eta unitate mugikorrak, eta ordutegiak etengabe eguneratzen dira webgune honetan: https://donantesdesangre.eus/eu edo Euskadiko Odol Emaileak-eko sare sozialetan (@donantesangreuskadi).

2025ean, 79.000 odol-emate baino gehiago

Iaz, 46.418 emailek 79.107 odol-emate egin zituzten Euskadin, gehienak erregulartasunez (urtean bitan edo gehiagotan) ematen dute odola. Hala ere, nabarmentzekoa da 6.599 emaile berri egon zirela. Izan ere, 68.415 globulu gorri kontzentratu eta 11.504 plaketa-dosi lortu ziren, eta 22.224 plasma-litro immunoglobulinak, faktore antihemofiliko albuminak eta abar prestatzeko erabili ziren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago