Mercosurrekiko ituna gaitzetsi du Atacak

Juanma Gallego 2026ko urtarrilaren 12a

Joan den astean ere Gasteizen protesta egin zuten Atacako nekazariek. Argazkia: ERLANTZ ANDA / ALEA

Nekazarien elkarteak berriro traktoreak aterako ditu errepideetara, merkataritza akordioa "mehatxu zuzena" delakoan. Jaurlaritzak, berriz, industriarako "aukera argitzat" jo du.

Joan den astean protesta egiteko traktoreak errepideetara atera eta gero, gaur berriro EB Europako Batasunaren eta Latinoamerikako Mercosur erakundeen arteko hitzarmenaren kontra azalduko dira Ataca Arabako eta Trebiñuko nekazarien elkarteko kideak. A-1 autobidera aterako dira traktoreetan goiz eta arratsaldez, Durruma parean.     

Nekazari eta abeltzain hauek uste dute hitzarmena kaltegarria dela lehen sektorearentzat. Argudiatu dutenez, EB baino lau aldiz handiagoa den nekazaritza merkatu bati sarbidea ematen dio itunak, baina Mercosurreko herrialdeetan dauden "ordainsariak, zergak eta ingurumen, osasun eta lan eskakizunak askoz txikiagoak" direla diote. Are, sinetsita daude "mehatxu zuzena" dela "landa eremuaren biziraupenerako eta Europako elikadura burujabetzarako".

Jaurlaritzak, berriz, akordioaren lehen balorazio bat egin du, baina, momentuz, ez du egin Nekazaritza Sailetik, Industria Sailetik baizik. Andoitz Korta Industria Sustatzeko sailburuordearen arabera, ituna "aukera argia eta potentzialki positiboa da euskal industriarentzat".

Sailburuordearen esanetan, "balio erantsi handiko euskal sektore esportatzaile nagusiak —automobilgintza, fabrikazio aurreratua, makineria, ekipo elektrikoak, aluminioa eta aeronautika— akordioaren irabazleen artean daude, oztopoen murrizketaz eta merkatu horietarako sarbide hobeaz baliatzen baitira". Hori dela eta, eta muga zergak kenduko direla aintzat hartuta, Jaurlaritzak dio Mercosur euskal industria nazioartekotzeko "merkatu estrategiko" bihur daitekeela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago