Arabako herriek VIII. eta XI. mendeen artean izandako bilakaera aztertzen duen 'Herriak, mila urte lurraldean' izeneko erakusketa inauguratu dute Gasteizko Bibat museoan. Ekainaren 23ra arte ikusgai egongo den proposamenak landa eremuko herri txikietako bizimoduaren "ikuspegi arkeologiko eta dokumentala" eskaintzen du, aldundiak ezagutarazi duenez.
Pieza arkeologikoak —tresnak, zeramika zatiak, txanponak eta bestelako aztarnak—, argazkiak, mapak eta argibide taulak dira erabilitako euskarri museografikoak.
Horrez gain, praktikaren akten berri ematen du erakusketak: askotariko egintza juridikoak formalizatzen dituzten agiriak, hain zuzen: dohaintzak, salerosketak, trukeak, testamentuak, pribilegio emateak edota epai judizialak.
Donemiliagako golde nabarraren inguruko xehetasunak ere ematen ditu Bibatek, Erdi Aroko Arabari buruzko informazio iturri baliotsua baita hori.
Ana del Val Kultura diputatuaren esanetan, erakusketan azaldutako herriak "gure lurraldeari forma eman zioten eta gure nortasunaren parte izaten jarraitzen duten komunitate txikien testigantza bizia" dira.