Ipuin bilduma argitaratzeko Ignacio Aldekoa beka eskaini du aurten ere aldundiak

Jon Hidalgo 2026ko urtarrilaren 9a

Ruben Sanchezek irabazi zuen iazko Ignacio Aldekoa beka. Argazkia: ALEA

Martxoaren 31rako aurkeztu behar dira, batetik, ipuin bat, eta bildumako gainerako ipuinak idazteko proiektua. 12.000 eurorekin lagunduko dute idazlea.

Euskarazko literatur sorkuntza sustatu asmoz, Ignacio Aldekoa beka aurkeztu du beste behin Arabako Foru Aldundiak, helduentzako ipuin literarioen modalitatean. Arabako aldizkari ofizialean argitaratu da jada, eta lanak aurkezteko epea zabaldu da beraz. 16 urtetik gorako edozein pertsonak aurkeztu ahal izango du proiektua, ez dute zertan arabarrak izan edo Araban bizi. Lana, hori bai, euskaraz idatzia izan beharko da jatorrizkoan.

Bekaren irabazleak 12.000 euro jasoko ditu lana garatu ahal izateko, hasieran erdia eta bilduma amaitzean gainerakoa. Ondoren, ipuin bilduma argitaratuko du aldundiak. 2026ko martxoaren 31ra arte egongo da zabalik aurkezteko epea. 10-25 orrialdea arteko ipuina aurkeztu beharko da, originala eta argitaragabea. Gainera, bilduma osatuko duten gainerako ipuinen zirriborro edo proiektu bat ere aurkeztu beharko da, azalduz izenburua eta edukiaren behin-behineko azalpena ere. Aldundiaren webgunean aurkeztu behar dira lanak, eta bertan dago informazio zehatzagoa.

Ebaluazio irizpideak

Figura literario berriak edo sendotzeko prozesuan dauden figurak aurkitu nahi ditu aldundiak, Ignacio Aldekoaren irudia oroitu eta goraipatzearekin batera. Beka ematean, azaldu dutenez, bermatuko dute berdintasuna eta diskriminaziorik ezaren printzipioak zaintzea, eta bestalde, hainbat irizpide aurkeztu dituzte, lana ebaluatzeko.

Lanaren sormena eta originaltasuna, narrazioaren egitura eta erritmoa, hizkuntzaren aberastasuna eta koherentzia, proiektuaren kalitatea eta proiektuaren bideragarritasuna aztertuko dira, 1 eta 3 puntu artean emango zaizkio atal bakoitzari, eta gutxienez 5 puntu lortu beharko ditu lanak, irabazteko aukera izango badu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago