Esku-hartze sozialeko langileek lanuzteak egingo dituzte hilaren 21ean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko urtarrilaren 9a

Arabako esku-hartze sozialeko langileen mobilizazioa. Argazkia: LAB sindikatua

Sektoreak 1.000 langile baino gehiago biltzen ditu; beren soldatak eta lan baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzea aldarrikatzen dute.

Datorren urtarrilaren 21ean txanda bakoitzeko hiru orduko lanuzteak egingo dituzte Arabako esku-hartze sozialeko langileek, eta otsailaren 4an eta 5ean greba deitu dute sindikatuek egun osoan. ELAk, LABek, CCOOk eta ESK-k mobilizazio egutegi bat iragarri dute urtarrilerako eta otsailerako. Hala, urtarrilaren 14an, agerraldi bat egingo dute Arabako Foru Aldundiaren aurrean. Bertan, sindikatuen proposamenaren edukia, negoziazioaren egoera eta mobilizazioen egutegia azalduko dira.

Sindikatuek azpimarratu dutenez, sektoreak milatik gora langile ditu eta gehienak aldundiak azpikontratatutako enpresetan ari dira beharrean, publikoan baino baldintza okerragoetan. Luze diraute Arabako esku-hartze sozialeko langileen sektoreko hitzarmen kolektiboko negoziazioek. Sindikatuek eta patronalak beste bilera bat izan dute asteon, eta ez dute lortu jarrerak hurbiltzea.

Beren soldatak eta lan baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzea aldarrikatzen dute langileek. "Soldata arrakala onartezina dago zuzenean sektore publikorako lan bera egiten duten lankideekin", salatu dute.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago