Arabako hezkuntza sarean eztabaida piztu du azken egunetan hizkuntza irizpideak malgutzeko proposamenak. PPk eta PSEk lege aldaketa bat aurkeztu dute, euskara gaitasunak ebaluatzerakoan barkaberagoak izatea proposatuz. Hainbat neurri txertatu asmo dute, euskara eskakizunak "tokian tokiko errealitatera egokitzeko", eta bereziki azpimarratu dute egokia litzatekeela ikasleak ez zigortzea ergatiboaren erabileran egindako akatsengatik.
Alderdi biek azaldu dutenez, "Arabako testuinguru soziolinguistiko berezia" kontuan hartuta, ikasle askok "zailtasun handiak" dituzte euskararen egitura gramatikal "konplexu" batzuk menperatzeko. Horregatik, ebaluazio irizpideetan "malgutasun handiagoa" eskatu dute. Proposamenaren aurkeztuta, ordea, hainbat irakaslek ohartarazi dute neurriak arriskua ekar dezakeela, ikasleek zailena dena baztertzea eta, ondorioz, hizkuntzaren egitura osoa galtzea.
Batzar nagusien 2026ko lehen bilkuran bozkatuko da proposamena. EAJ eta EH Bilduk kritikak egin dizkiote, baina bi alderdien onartu dute egokitzapenak egin daitezkeela, baina kontu handiz, "euskararen kalitatea eta transmisioa arriskuan jarri gabe".
EAJk ohartarazi du ebaluazio-irizpideak malgutzeak "ikasleen gaitasun errealaren irudi faltsua" eman dezakeela. Hala ere, taldeko bozeramaileak aitortu du neurriak "ikasle askori frustrazioa gutxitzen" lagun diezaiekeela, batez ere euskararen egitura markatuen aurrean.
EH Bilduk, bere aldetik, adierazi du hizkuntzarekiko "atxikimendu emozionala" handitu dezakeela presio gutxiago jartzeak, nahiz eta ohartarazi duen "malgutasuna ez dela sinonimo izan behar exijentzia galtzearekin".
Euskara zuzena, arabarra izateko
Euskara munduko bosgarren hizkuntza zailena dela adierazi zuen epaile batek iaz. Adierazpen horren balioa zalantzan jarri bazen ere, ez da lehen aldia euskararen irakaskuntza errazteko proposamenak egiten direna. 2023an adibidez, Xabier Amurizak eta beste egile batzuek, Mikel Mendizabalen gidaritzapean Euskara orain. Eraginkortasuna helburu liburua aurkeztu zuten, hizkuntza erabilerrazago bihurtzeko ideiak plazaratuz.
Liburuan, eguneroko komunikazioa errazteko proposamen praktikoak bildu ziren: egitura konplexuak sinplifikatzea, aditz perifrastikoak lehenestea eta ikasleei "funtzionaltasuna" lehenesten irakastea. Amurizak berak adibide ezagun bat eman zuen: gaztelaniaz edonork esan dezake "vete, para que te vea el médico", baina euskaraz askok ez dakite nola formulatu behar den "ikusi zaitzan" moduko egitura.
Haren ustez, horrelako adibideek erakusten dute euskararen aditz sistema ikasleentzat oztopo handia izan daitekeela, eta irakaskuntzak "erabilgarritasuna" lehenetsi behar duela, ez soilik zuzentasun formala.