Arabako Batzar Nagusien osoko bilkurak foru gobernuak aurkeztutako aurrekontua berretsi du gaur, eta 2026ko ekitaldi berrirako zerga neurriak ere onartu ditu. Aurrekontuak aurrera egin du aldeko 27 botorekin eta kontrako 23rekin, EAJ-PSE-EE gobernu taldearen eta Elkarrekinen babesari esker. EH Bilduk, PPk eta Voxek aurka bozkatu dute.
Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak azpimarratu du "Euskadin azken asteetan indarkeria gertakariak bizi izan diren unean" eta "atzo Eusko Legebiltzarrean gertatutakoaren ostean" garrantzi berezia duela kontuak gehiengo osoz onartzeak. Ildo horretan, EH Bilduren inguruan esan du ez dela gai "gazteen indarkeriatik aldentzeko".
"Marra gorririk" ez
Halaber, EH Bilduk foru aurrekontuen negoziazioan erakutsi duen "nagusikeria" kritikatu du Gonzalezek. Ahaldun nagusiaren esanetan, Araba "lurralde anitza, elkarbizitzakoa eta kohesionatua" da, eta azpimarratu du foru erakundeak ez duela "marra gorririk" nahi, ezta bizitza politikoa eta soziala tentsionatuko duen dinamikarik ere.
PPren jarrera ere kritikatu du Gonzalezek eta leporatu dio "Madrilen menpe" eta "etengabeko konfrontazioan" egotea. PPk berak eta EH Bilduk "botoak batu" dituztela esan du, "ez eraikitzeko, baizik eta Arabako aurrekontuaren onarpena eragozten saiatzeko".
Javier Hurtado Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak azpimarratu du aurrekontuak "politika onuragarri egiteko eredu baten emaitza" direla, "elkarrizketan eta akordioan oinarritutakoa, helburu argi batekin: arabarren bizitza hobetzea". Adierazi duenez, "kalitatezko enpleguaren eta lan merkatuan sartzeko zailtasun gehien dutenei zuzendutako politika aktiboen aldeko apustu irmoa egiten duten aurrekontuez ari gara".
"Aldaketa aurrerakoia"
Elkarrekin Arabako batzarkideak pozik agertu dira negoziazioan lortutako akordioarekin, bereziki egoitza pribatuetako langileen lehen lan hitzarmena sinatzearekin. Eredu "iraunkor, aurrerakoi eta ausart" batean aurrera egitea ahalbidetzen duela azpimarratu du eta "aldaketa aurrerakoia" ekarri duela, herritarren bizitza hobetzeko helburuarekin.
"Paralisia"
Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaileak bere aldetik oso kritiko hitz egin du akordioaren inguruan. Esan du aukera galdu dela foru politikak birbideratzen jarraitzeko "eta, horren ordez, orain arteko politika berberen aldeko apustua" egin dela.
Arabako eskualde industrializatuenei, Airaldeari kasu, duten egoerari erantzunik ematen ez dioten foru kontuak onartu direla azaldu du. Gainera, azpimarratu du aurrekontuak galarazi egiten dueka egoitza plaza publiko berriak sortzea, "eta ukatu egiten die autonomia eta finantziazio handiagoa lurraldeko toki erakundeei".
Halaber, Lopez de Arroiabek adierazi duenez, "atzera urratsak" emango dira etxebizitzaren arloan "EAJk eta PSEk Eusko Jaurlaritzan bultzatutako kontrarreforman sakontzen baitu". Lopez de Arroiabek esan duenez, aurrekontuak etxebizitzaren, zaintzaren, trantsizio ekosozialaren edo berrindustrializazioaren arloan "paralisia" eragiten dute, eta onartutako neurri fiskalek administrazioek behar duten "giharra" izatea eragozten dute.