Gripearen intzidentziak gora jarraitu du azken astean, batez ere Araban –581,87 kasu zenbatu dira 100.000 biztanleko–. Aurreko astearekin alderatuta, %30,5 igo dira gripe kasuak abenduaren 8tik 14ra bitartean.
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gobernu kontseiluaren bileraren osteko prentsaurrekoan azaldu du aurten gripea aurreratu egin dela, eta aste gutxiren buruan kasuen kopuruak gora egin duela. "Hala ere, txertaketa estaldura zabalari esker, ZIUn sartzea eskatzen duten kasu larriak nabarmen txikiagoak dira beste kanpaina batzuetan baino".
Azpimarratu du kanpaina honetan lehen aldiz, Arabak Bizkaia gainditu duela intzidentzian, "eta horrek adierazten du birusa hedatu egin dela eta zaintza mantendu egin behar dela, bereziki lurralde horretan".
Hartara, txertaketa kanpainak aktibo jarraitzen duela gogoratu du sailburuak, eta, "herritarren eta osasun profesionalen ahaleginari esker, Euskadik larritasun eragin txikiagoko gripe denboraldiari egingo dio aurre".
Gaur arte, gripearen aurkako 576.676 dosi banatu dira EAEn, pasa den urtean baino %11,2 gehiago. Estaldura orokorra %26,1ekoa dela esan du Osasun sailburuak, eta oso babes handia duela 60 urtetik gorako pertsonetan (%56,2) eta egoitzetan dauden pertsonetan (%84,2). Horrez gain, haurren txertaketa (%41,5) eta haurdunena (%54,5) ere areagotu egin dira.