Tubos Reunidosen erreskatea ikertzen ari da Auzitegi Nazionala

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 15a

Amurrioko Tubos Reunidos enpresa 2021ean erreskatatu zuen SEPIk. Argazkia: AIARALDEA.EUS

SEPIren 132 milioi euroko bost operazio susmagarri ikertzen ari da Auzitegi Nazionala, komisioak ordaintzeagatik. Horietako bat Amurrioko Tubos Reunidos enpresari emandako 112,8 milioi euroko erreskatea da. 

Espainiako Auzitegi Nazionala ikertzen ari da joan den astean atxilotu zituzten eta orain behin behinean aske dauden Leire Diez PSOEko militante ohia, Vicente Fernandez SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearen presidente ohia eta Antxon Alonso enpresaria. Argitu nahi du 750.000 euro kobratu ote zituzten komisioetan bost operaziotan parte hartzearen truke.

Azpilan horietan nahasitako enpresen artean Amurrioko Tubos Reunidos agertzen da. Guardia Zibilaren Unitate Zentral Operatiboaren (UCO) ikerketetatik abiatuta, epaitegiak aipatzen du 112,8 milioi euroko erreskatea eman ziola SEPIk Tubos Reunidos enpresari, eta horren truke 114.950 euro jaso zituztela Diezek, Fernandezek eta Alonsok. UCOren arabera, hirurek ustez Tubos Reunidos  enpresaren eskupekoak jaso zituzten esleipen bat azkartzeko.

Tubos Reunidosek Fernandez SEPIren presidente ohia zuen aholkulari duela hilabete batzuk arte, baina Leire Diezekin eta Antxon Alonsorekin ez duela inolako harremanik esan du. Enpresak zenbait hedabidetan azaldu duenez, Fernandezekin sinatutako aholkularitza kontratuari buruzko informazioa epaitegiaren esku utzi du, eta justiziarekin elkarlanean aritzeko prest agertu da.

Auzitegi Nazionaleko epaile Antonio Piñak sekretupean mantentzen du auzia, nahiz eta hainbat hedabidek eta albiste agentziak azken orduetan eskuratu duten. Ikertutako operazioak "kargu publiko ezberdinen bidez" egin omen ziren, gutxienez 2021 eta 2023 artean. Izan ere, Tubos Reunidos 2021ean erreskatatu zuen SEPIk.

Kezka langileen artean

Bestalde, Tubos Reunidosko enpresa batzordekoek aurreratu dute Fernandezen paperari buruzko azalpenak eskatuko dituztela astearte honetan egingo duten bilera batean. Hitzordua aurreikusita zegoen, baina ikerketa judiziala gai zerrendan sartzea eskatuko dute, ESK sindikatuak Aiaraldea.eus-i adierazi dionez.

ESKk, zehazki, aipatu du Francisco Irazustak zuela CEO kargua SEPIko mailegua lortu zen garaian eta jadanik ez dituela ardura horiek, baina gutxienez, espero dute Carlos Lopez de las Herasek (egungo zuzendari exekutiboak) azalpenak ematea, urte horietan zuzendari nagusia baitzen.

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago