Adingabeak argazkietan 'biluzten' zituen lagun bat atxilotu dute

Juanma Gallego 2025eko abenduaren 15a

Atxiloketa Araban izan da, baina ez dute herria aipatu. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Kalean edo udal igerilekuetan adingabeei hartutako argazkiez baliatzen zen irudi pornografikoak sortzeko.

Adimen Artifiziala erabiliz ustez haur pornografia ekoitzi duen pertsona bat atxilotu du Araban Espainiako Polizia Nazionalak. Atxiloketa egiteko ikerketa "oso konplexua" izan dela esan dute, pertsona horrek bere arrastoa sarean ezabatzeko "teknika garatuak" erabili izan dituelako. Ez dute zehaztu non izan den atxiloketa.

Abuztuan hasi ziren lehen polizia ikerketak, nazioarteko kolaboraziorako kanalen bidez delitu horren berri izan zutenean. Azkenean, eta delitugileak anonimotasuna mantentzeko teknikak erabiltzen zituen arren, material pedofilo horren ekoizpena Araban zegoela aurkitu zuten.

Haren etxean sartu eta miaketa lanak egin ostean, atzemandako materialaren artean adimen artifizialaz egindako irudiak daude. Horietako batzuk egiteko, kalean eta udal igerilekuetan adingabeei ateratako argazkiak erabili ditu, adingabe horien irudiak AA bidez biluzten. Behin material hori aurkituta, poliziek pertsona hori atxilotu dute, haur pornografia ekoitzi eta edukitzeagatik adingabeak galbidean jartzea egotzita.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago