Zaintzak erdigunean jartzearen alde egin dute Gasteizen

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 15a

Zortzi kuadrilletan oinarrizko zerbitzu publiko duinak aldarrikatu dituzte. Argazkia: DENON BIZITZAK ERDIGUNEAN

Larunbatean zaintza sistema publikoaren aldeko manifestazioa egin zuten dozenaka lagunek. Ehundik gora gizarte eragilek eta hiru sindikatuk babestu dituzte aldarrikapenak.

Manifestazioan erregularizazioa galdegin dute. Argazkia: D.B.E

Denon Bizitzak Erdigunean dinamikako kideek CARME zerbitzuko eta Arabako erresidentzietako langileen borrokaren "lekukoa" hartu eta txoko guztietan "mobilizatzen eta borrokatzen" jarraituko dutela esan dute. Gasteizen zaintza sistema publikoaren alde larunbatean egindako manifestazioan egin dituzte adierazpenok.

"Eredugarria da Arabako erresidentzia pribatuetako langileek azken sei urteetan aurrera eraman duzuen borroka, 60 greba egun bizkarrean borrokak merezi duela erakutsi duzue", esan dute.

Zaintza sistema publikoaren aldeko dinamika bera eta manifestazioa Araba osoko ehundik gora elkartek babestu dute baita LAB, ESK eta Steilas sindikatuek ere. Elkarrekin adostu dituzten aldarri nagusien artean honako hauek daude:

  • Adineko pertsonentzako eta menpekotasun edota ezgaitasunerako bideratutako zaintza-zerbitzu guztiak pixkanaka publiko bilakatzea, eta sortzen doazen berriak publikoak izan daitezela.
  • Zaintza langile guztientzako lan baldintza duinak.
  • Atzerritartasun legearen abolizioa. Erregularizazioa pertsona migratuentzat.
  • Arabako zortzi kuadrilletako landa eremuan oinarrizko zerbitzu publikoak bermatu eta deszentralizatu.
  • Zaintza sistema feminista eta komunitario baterantz pausuak ematea (familiarizatu gabea, arrazakeriarik gabekoa eta ez sexista).
  • Eskolaz kanpoko jarduerak, udalekuak, eskola zaintza eta eskola laguntza publikoak eta doakoak, gizarte arrakalarik gabeak izan daitezen.
  • Aniztasun funtzional eta ezgaitasunaren alorrean, lan baldintza duinak enplegu bereziko zentroetan. Bereizketarik ez eman gainontzeko langileekiko eta enpleguaren funtzioak eta azpiegiturak moldatu pertsona bakoitzaren beharrekiko.
  • Adineko trans pertsonen ibilbideak eta bizitzak aitortzea, bereziki lan esparrutik baztertuak izan ziren trans emakumeenak. Behar espezifikoei erantzuteko baliabideak eta osasun mentalerako beharrezko tratamenduak.
  • Gutxieneko pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzea.
  • Pertsonan oinarritutako zaintza, entzuna izatea eta zaintza ereduaren diseinuan partaide izatea, herritarren parte hartze espazioetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago