Foru aurrekontuak aurrera aterako dira Elkarrekin-en babesarekin

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 15a

Arabako Batzar Nagusietan zuzenketa partzialen eztabaida egingo dute gaur. Argazkia: BBNN

EAJ-PSEk eta Elkarrekin Ahal Duguk akordioa lortu dute Arabako Foru Aldundiaren 2026ko aurrekontuak onartzeko. Gaur emango dituzte xehetasun gehiago.

Aurreko astean Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuak ere Elkarrekin-ekin adostu ondoren, Arabako foru gobernuak aurrera aterako ditu 2026rako aurrekontuak koalizio morearekin akordio lortu ondoren.

Akordioa ia segurutzat jotzen zen Elkarrekin-ek joan den ostiralean osoko zuzenketa erretiratu ondoren. Gaur egingo da Arabako Batzar Nagusietan zuzenketa partzialen eztabaida.

"Lurralde bidezkoago, kohesionatuago eta iraunkorrago baterantz aurrera egitea lortu dugu, gaurko mundu errealarekiko ikuspegi inklusibo, konprometitu, aurrerakoi eta ausartarekin", adierazi du David Rodriguez Elkarrekin-eko bozeramaileak. Koalizioa, gainera, pozik agertu da bere ustetan lehentasunezkoak diren gaietan eragitea lortu dutelako. "Egoitzetako langileen lan hitzarmena, zainketak, etxebizitza, gizarte eta lurralde kohesioa, ingurumena, nazioarteko lankidetza, garraio publikoa, osasun mentala eta indarkeria matxisten aurkako borroka" aipatu dituzte horien artean.

Gainera, "komunitate energetikoen sorrera, tokiko merkataritzaren, nekazaritza ekologikoaren eta kulturaren sustapena, eta nazioarteko lankidetza eta laguntza humanitarioa" ere jaso direla erantsi dute, "palestinar herriarentzako partida garrantzitsu bat barne".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago