GeoArabak Arabako lehen kartografia jarraitua jarri du herritarren eskura, 1970ean egindako 1:5.000 eskalako mapetan oinarrituta. Material historiko honek aukera ematen du duela 50 urte baino gehiagoko lurraldearen egoera xehetasunez ezagutzeko, eta Arabaren bilakaera geografikoa eta urbanistikoa aztertzeko.
Kartografia berria GeoArabaren bistaratzaileetan integratu da oinarrizko mapa gisa. Ortofotografia historikoek ez bezala, mapa hauek testuak eta sinboloak dituzte, eta horrek balio erantsia ematen die: edukia interpretatzea errazten dute eta funtsezko informazioa eskaintzen dute desagertutako lekuak, bideak eta eraikinak identifikatzeko.
GeoArabaren mapan interaktiboan denboran atzera egiteko aukera dago, beraz. 1970eko kartografia berri honetaz gain, egungo mapen aldaera ezberdinak hautatu daitezke, eta baita 1932-1934 urteen artean egindako aireko argazkiak ere. Maparen ezkerraldean, behean, laukitxo bat agertzen da, eta hor sakatuta dauden mapa ezberdinen artean mugitzeko aukera ematen die erabiltzaileei. Azken ia ehun urteetan mapako puntu bakoitzak izandako bilakaera ikus daiteke bertan.
Lurraldearen bilakaera
Mapetan ikus daitezkeen bitxikerien artean, izendapen historikoak eta udalerri, herri, paraje eta ibaietako toponimiaren bilakaera dira nabarmentzeko modukoak. Halaber, gaur egun existitzen ez diren herriguneak ageri dira, hala nola Otaza, gaur egun Gasteizko aireportua kokatzen den tokian.
Kartografiak, era berean, gaur egun desagertuta dauden komunikazio bideen trazadurak erakusten ditu. Vasco‑Navarro trenbidea eta haren adarrak, Madrildik Irunerako N‑I errepide nazionalaren ibilbide zaharra Gasteiz zeharkatuz, edo Gasteizko ingurabidearen hasierako obren trazadura.
Eraikin eta industria enblematikoak ere identifika daitezke, gaur egun erabat eraldatuta dauden espazioetan: Azucarera Alavesa, Aranzabal SA edo Ajuria SA, besteak beste.
1968ko hegaldia
Kartografia honen jatorria 1968an egindako hegaldi fotogrametriko batean dago. Irudi horietatik abiatuta sortu zen 1970eko lehen kartografia zehatza, bere garaian aitzindaria izan zena erabilitako eskala eta metodologiagatik. Guztira, 500 orri kartografiko inguru argitaratu ziren, Arabako lurralde osoa puzzle handi baten moduan estaltzen zutenak.
Azken urteetan, lan tekniko sakona egin da orri horiek digitalizatu, bateratu eta kartografia jarraitu bakar batean fusionatzeko. 70eko hamarkadaren hasierako Arabaren ikuspegi osoa eta xehea eskaintzen duen mapa historiko integrala izan da emaitza.
Kartografia berria GeoArabaren bistaratzaileetan kontsultatu daiteke, eta mapen konparatzailearekin edo bestelako geruza tematikoekin gainjarriz, "lurraldearen eraldaketa modu intuitiboan azter daiteke". Jatorrizko 500 orri kartografikoak ere eskuragarri daude Geotekaren bidez deskargatzeko.
Arabako Foru Aldundiak herritarrak animatu ditu mapa berriak arakatzera eta 1970eko Arabaren irudia ezagutzera, "lurraldearen memoria kolektiboa berreskuratzeko eta haren bilakaera ulertzeko aukera paregabea baita".