Euskal Herri osoko gazteen topagune izan nahi du Batbatean jaialdiak

Anakoz Amenabar 2025eko abenduaren 11

Estilo eta jatorri ezberdinetako artistak bilduko ditu jaialdiak. Argazkia: HOFE

Besteak beste, Hofe, Jarfaiter, Segismundo Toxicomano, Skabidean, Brigade Loco, Xiberoots, Lukiek, Añube eta Metrika izango dira maiatzaren 15 eta 16an Gasteizen.

Euskal Herriko gazteen "topagune" izateko helburuarekin jaio da maiatzaren 15 eta 16an Gasteizen ospatuko duten Batbatean musika jaialdia. Lehendabiziko kartelean iragarri dutenez, besteak beste, Hofe, Jarfaiter, Segismundo Toxicomano, Skabidean, Xiberoots, Lukiek, Añube, Metrika eta Brigade Loco izango dira Mendizabalan.

Guztira, 21 talde eta bost DJ egongo dira, eta horiekin batera jaialdiaren esperientzia osatuko duten beste jarduera batzuk. "Gazteei bereziki zuzendutako jaialdia da, Arabako eta Euskal Herri osoko gazteak elkartzeko asmoz sortua. Estilo eta jatorri ezberdinetako artistak bildu dira, publiko zabal eta anitzarekin konektatzeko", azaldu dute antolatzaileek.

Bi eszenatoki nagusi izango dira, karpa bat musika eta programazio propioarekin, eta janari guneak ere bisitariek atseden hartzeko. Programazio osoa urtarrilean aurkeztuko dute. "Jaialdiaren programazioa estilo ezberdinetako taldeekin osatu da: rocka, punka, rapa, popa, elektonika eta bestelako eszenak uztartuz, gustu eta publiko guztientzako proposamenak biltzeko".

Lehendabiziko sarrerak abenduaren 16an jarriko dituzte salgai, jaialdiaren webgunean

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago