Euskararentzako aurrekontua erdira murrizteko eskatu du PPk

Juanma Gallego 2025eko abenduaren 5a

Popularrek 914.812 eurora jaitsi nahi dute euskarara bideratutako aurrekontua. Argazkia: AFA

Foru aurrekontuei aurkeztutako emendakinetan, popularrek milioi bat euroan jaitsi nahi dute aurreikusitako kopurua.

Foru aurrekontuak negoziatzen ari diren honetan, Arabako Alderdi Popularrak euskara sustatzeko aurreikusitako diru partidak erdira murriztu nahi ditu. Hala, orain aurreikusita dagoen 1.972.816 euroko aurrekontutik 914.812 eurora igaro nahi dute popularrek. 

Murrizketa handiena udalei eta kuadrillei euskara sustatzeko ematen zaien diruan proposatu du. Izan ere, horretarako aurreikusita dauden 250.000 euroak zuzenean kendu nahi ditu PPk, zero euroan utziz. Beste horrenbeste eskatu dute Euskararen Plan Estrategikorako, hutsean geratuz, edota Gasteizko Udalarekin mantentzen den hitzarmenerako.

Hutsean utzi ez, baina praktikan ia-ia desagerrarazi nahi duten beste partida euskara sustatzen duten elkarte eta kolektiboena da. PPren aburuz, nahikoa da horietara guztietara 10.000 euro bideratzearekin, aurreikusitako 150.000 euroen aldean (partida %93 jaitsiz).

Erdira murriztu nahi dituzten beste bi partida dira euskara sustatzeko ekimenei ematen zaien laguntza eta euskalduntzeko ikasleei ematen zaiena, bakoitza 50.000 euroan utziz. Euskarazko hedabideei ematen zaien laguntzari dagokionez, %29 murriztea eskatu dute popularrek, 230.000 eurora jaitsiz. 

Artazitik kanpo geratuko ez liratekeen beste erakunde edo programak dira Euskaltzaindia (100.000 eurotik 55.000 euroan utzi nahi dituzte), Arabako Bertsolari Elkartea (28.000 eurotik 8.500 euroan utzita), edo Lanabes (46.000tik 25.000ra).

 

PPren proposamena

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago