Foru aurrekontuak luzatzea da aukera posibleena

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 4a

Hurrengo asteko ostiralean hasiko da foru aurrekontuen eztabaida. Argazkia: ARABAKO BATZAR NAGUSIAK

Osoko zuzenketa aurkeztuko dute EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk.

Amaitu da foru gobernuaren datorren urteko aurrekontu proiektuari zuzenketak aurkezteko epea, eta aurrekontuak luzatzeko aukera da gaur posibleena. Izan ere oposizioko alderdi guztiek osoko zuzenketak aurkeztu dizkiote EAJren eta PSE-EEren proiektuari.

EH Bilduko bozeramaile Eva Gonzalez de Arroiabek kritikatu du foru gobernuak negoziatzeko erakutsi duen "borondate falta". "Hasieratik borondatea izan dugu eta elkarrizketa zintzoa ireki nahi izan dugu, baina beste aldean erabateko interes falta aurkitu dugu EH Bildurekin akordio bat bilatzeko", azaldu du.

Indarrean dauden aurrekontuen betetze maila urria ere aipatu du EH Bilduk osoko zuzenketa aurkezteko arrazoien artean, eta ildo horretan Lopez de Arroiabek esan du Kanpezun adinekoentzako plaza publikoak sortzeko proiektua geldirik dagoela eta trantsizio eko-sozialaren arloko eztabaida prozesuak ez direla abiatu.

Gauzak horrela, osoko zuzenketarekin batera, EH Bilduk beste 23 zuzenketa partzial aurkeztu ditu baita beste bost ere testu artikulatuari, "diru hornidurarik gabeko konpromiso politikoak adierazten dituztenak". Zuzenketa horiekin sei ardatzetan jarri du arreta koalizioak: etxebizitza, zaintzak, industria, trantsizio ekosoziala, lurraldeen arteko oreka eta balioen borroka. "Iazko akordioari esker EH Bilduk hainbat politika publiko birbideratzea lortu zuen, eta aurtengo negoziazioari begira horretan sakontzea da helburua", esan du Lopez de Arroiabek.

Egoitzen gatazka konpontzea

Elkarrekin Podemos IUk bere aldetik 71 zuzenketa partzial eta osoko zuzenketa bat aurkeztu dizkio EAJ eta PSEren aurrekontu proiektuari, Arabako zahar etxeetako gatazka konpontzeko baldintzapean, "egunero erabiltzen dituzten adinekoen eta langileen alde", esan dute.

David Rodriguez koalizioko bozeramaileak aldundiaren esku hartzea eskatu du gatazka konpontzeko eta aldundiaren eredu "pribatizatzailea" kritikatu du. "Foru Gobernu honek egin lezakeen gutxienekoa prekarizatutako langileen sektore garrantzitsu honekiko duen erantzukizuna onartzea da", esan du.

Egoitzen egoeraz gain, koalizioak uste du foru arau proiektu honek ez diela "lurraldearen premiazko beharrei erantzuten" oro har.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago