Nor ikuskatu erabaki dute talde politikoek

Juanma Gallego 2025eko abenduaren 3a

Batzarkide taldeek beren lehentasunak ezagutarazi dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak gainbegiratu dezan beren lehentasunak argitu dituzte alderdi gehienek. Instituzioez gain, parte hartze publikoa duten fundazioak ere jomugan daude. 

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak bere ikuskapen jardunean Araban zein lehentasun izan beharko lituzkeen erabaki dezakete Batzar Nagusietako batzarkide taldeek, eta hori egin nahi izan duten taldeek dagoeneko eman dituzte beren aukerak. Abenduaren 1ean sinatutako agiri batean, Batzar Nagusietako teknikari Blanca Gonzalezek lehentasun horiek bildu ditu.

Kuadrillak dira gehien errepikatzen diren erakundeak, baina talde politikoak ez datoz bat zeintzuk izan behar diren erabakitzean. Hala, iaz bezala, PPk kuadrilla guztiak jarri nahi izan ditu azterketaren jomugan: Añana (EAJ, presidentetzan), Aiaraldea (EAJ), Mendialdea (Kaixo, EH Bilduren botoekin), Arabako Errioxa (EAJ), Lautada (EH Bildu) eta Gorbeialdea (EH Bildu). Horrez gain, Miñaoko Batzar Administratiboa ere ikuskatu dezatela nahi dute.

EAJk EH Bilduren mende dauden bi udalen kontuak ikuskatzeko eskatu du: Laudioko eta Aramaioko udalak, hain zuzen. Horrez gain, jeltzaleek administrazio batzar bat erantsi dute ikuskatu beharrekoen zerrendan: Zurbaokoa.

EH Bilduk, berriz, EAJren esku dauden kuadrillak aztertzeko eskatu du: Arabako Errioxa, Aiaraldea eta Añana. Horrez gain, Okondo (EAJ), Amurrio (EAJ/PSE-EE), Bastida (PP), Guardia (EAJ) eta Legutioko (EAJ) udalak aztertzea lehenetsi du. Apilaiz eta Ibargurengo administrazio batzarrak ere aukeratu ditu, bai eta Urbide ur partzuergoa ere.

Azkenik, Elkarrekin Arabak kuadrilla bakarra aukeratu du: Arabako Errioxa. Taldeak interes gehiago agertu du erakunde eta fundazioetan. Koalizio morea EH Bildurekin bat etorri da Urbide aukeratzerakoan, eta, horrez gain, honakoak jarri ditu ikuskatzeko lehentasunen artean: Arabako Kalkulu Gunea, Mobility Lab Fundazioa, European University Gasteiz Fundazioa (EUNEIZ) eta Hibridalab.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago