Negu luzea bizi dugu gure lurraldean eta udaberriko argi-izpiak noiz iritsi zain egoten ikasi dugu denbora luzez. Kostaldeko bizilagunek gurean hotz egiten duela esaten digute, eta ez dugu ukatuko hala denik sarri.
Baina hotzak ez gaitu kikiltzen eta guk azala belzturik dugu aspaldi, zaildu egin zaigu gorputza. Kalean giro ez bada ere, gure ingurukoen artetik jasotzen dugun epeltasunari esker goxo egon gaitezkeela ikasi dugu.
Eta ez, negua iristear dugun honetan, ez gara urtaroei buruz ari. Gurea dugun hizkuntzari buruz ari gara, gure euskaraz.
Gastehiz herri euskalduna izan arren, neguak ia irentsi zuen euskara Araban. Zorionez, urte luzez ilunpetan egon ostean, badoa ttirriki-ttarraka argitzen. Garairik ilunenak atzean utzi eta txingarrak berpizteko lanak hartu zituzten duela zenbait hamarkada arabar, zein arabartutako, euskaldun eta euskaltzaleek.
Eta bai, giroa epeldu eta belaunaldi berriei euskararen goxotasunean bizitzeko aukera eman badigute ere, suari eusteko lanak ez du amaierarik. Haize ufada gogorrak datozenean sua elikatu beharra dago, garrak pizten jarraitu beharra dugu eta adar berrien bila segi beharko dugu.
Argia itzaltzeko asmotan dabiltzak geroz eta ozenago entzun ohi ditugu. Orain arte alde guztietan onartutako gutxienekoak zalantzan jartzen hasita ere badaude zenbait. Eta gu, artean, gure txokotik atera ezinik. Kikilduta? Ez nuke esango. Eroso eta lanak eginda dituenaren aulkitik begira? Baliteke.
Akaso, sutondoan hotzik ez eta gorputza lasaitu egiten zaigu askotan, baina negua luzea izan daiteke oraindik eta makina bat lan egin beharko udaberria iristerako. Hotzak jango ez bagaitu, gure burua babesten jarraitu beharko dugu, ahotsa altxatzeko beharraz ohartu beharko dugu eta bidelagun berriak bilatu beharko ditugu.
Xaxatu sua, berotu eskuak eta gonbidatu lagunak gure jendartera. Piztu euskararen argia.
Aritz Martinez de Luna.