Erresidentzietan blokeoa gainditzeko proposamena aurkeztu dute sindikatuek

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko abenduaren 2a

Arabako erresidentzietako langileak Probintzia plazan bildu dira gaur. Argazkia: LAB

ELAk eta LABek esan dute akordioaren bidean kokatzen dela proposamena, eta gatazka konpontzeko ardura patronalena eta aldundiarena dela.

ELA eta LAB sindikatuek proposamen berria egin dute erresidentzietako lan hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa apurtzeko. Gaur egin duten agerraldian sindikatuetako ordezkariek azpimarratu dute negoziazioaren "une giltzarrian" daudela ulertuta, "proposamen oso errealista" eta "akordioaren bidean" kokatzen dena egin diotela patronalari.

Besteak beste proposatu dute lan hitzarmenaren indarraldia hiru urtekoa izatea (2025-2027); soldatak 21.000 eurora iristea (2027an gerokultore kategorian); lanaldia ehun ordu gutxiagokoa izatea, 2027ra 1.672 ordutara iristeko; urtean 15 asteburuko atsedenaldiak izatea, aldi baterako ezintasunagatiko osagarria baja arruntetarako, "Bizkaian egiten den bezala"; eta ordu osagarriak kontrolatzeko neurriak ezartzea.

Gatazka konpontzeko erantzukizuna patronalen eta aldundiaren mahaian dagoela esan dute ELAk eta LABek. "Erantzukizuna eskatzen diegu. Negoziatzeko borondatea badute hitz egingo dugu, baina orain arte bezala jarraitzen badute sektoreko langileei eta, oro har, gizarteari azalpenak eman beharko dizkiete".

Sei urte greban

Gogoratu dute sei urte daramatzatela greban, guztira, 50 greba egun baino gehiago egin dituztela Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioetako langileek, eta egoera erabat blokeatuta dagoela. "ELAk eta LABek uste dugu borondaterik eta interesik ez dagoela egoera hau konpontzeko", esan dute.

"Hemen patronalak dira errudunak, baina Urtaran diputatua da azken erantzulea". Izan ere, azaldu dutenez, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk adostutako 2025erako aurrekontu akordioa ez da bete, eta Arabako Foru Aldundiak zaintza sistema hobetzeko duen zeregina ez duela betetzen deitoratu dute.

Gauzak horrela, negoziazioaren blokeoa mantentzen bada eta egin duten proposamena onartzen ez bada ELAk eta LABek beste bi greba egun deituko dituzte, abenduaren 10erako eta 11rako.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago