Aurtengo aurrekontu parte hartzaileetan aukeratutako proiektuak ezagutarazi ditu aldundiak. Hala, foru erakundeak udalerri eta kuadrilla bakoitzeko proposamen bozkatuenak hautatu ditu, esku hartzeak abiatzeko.
2.000 biztanletik gorako udalerrien kategorian, Laudiorako proposamena atera da garaile, 1000 botorekin: Lamuzan dagoen Arrañoko gaztelua bidezidor sarearen erdigune gisa birgaitzeko proposamena da.
Kategoria horretan kanpo geratu dira Aiara (Luiaondoko frontoia estaltzea) eta Legutio (pasealeku bat urbanizatzea). Azken kasu hau esanguratsua da, quoruma lortzeko beharrezkoak ziren 84 botoetatik oso urrun geratu baita: bi boto baino ez ditu jaso proposamenak.
2.000 biztanletik beherako udalerrien kasuan (kuadrillaka egiten da), hauek izan dira aukeratutakoak: Artziniegako dorreko erlojua (Aiaraldea), Astulezko gaztelua (Añana), Erentxungo bide berdea (Lautada), Zurbaoko Otazu jauregiko artisau putzua (Gorbeialdea), Maeztuko Isaac Puente plaza (Mendialdea) eta Lapuebla de Labarcan hainbat joko gune estaltzea (Arabako Errioxa).
Aurrekontu erabilgarritasunaren zain geratu dira quorum nahikoa lortu duten proiektu hauek: Añanan, latsarria, erroten zidorra eta Bergondako ibilbide berdea; eta, Guardian, udal igerilekuak hobetzea.
Aldundiak aurrekontuaren %0,45 bideratu du proiektu hauetarako. Diru horretatik, %35 2.000 biztanletik gorako udalerrietarako da, eta gainerako %65a 2.000 biztanletik beherakoetarako.
Iñaki Gurtubai Gobernantzako foru diputatuaren esanetan, "proiektu hauek herritarren inplikazio zuzenaren emaitza dira, foru aurrekontuaren zati baten norakoari buruz erabakitzen baitute eta lurralde hurbilago eta orekatuago bat eraikitzen laguntzen baitute".