EAJk lortuko lituzke eserleku gehien Legebiltzarrerako bozetan

Anakoz Amenabar 2025eko abenduaren 1a

EH Bildurekin duen berdinketa apurtuko luke EAJk. Argazkia: IREKIA

Jeltzaleek eserleku bat gehiago lortuko lukete Araban; zortzina aulki EAJk eta EH Bilduk.

Eusko Jaurlaritzaren Soziometroaren arabera, EAJk lortuko lituzke eserleku gehien Legebiltzarrerako hauteskundeak eginez gero. Bi gehiago lortuko lituzke alderdi jeltzaleak, 29, EH Bildu gaindituta; 27na eserleku dituzte biek gaur egun. PSE-EEk eta PPk, berriz, eserleku bana galduko lukete. 

Araba da aldaketa ekarri dezakeen lurraldeetako bat. Jeltzaleek bat gehiago aterako lukete, eta, beraz, zortzina eserleku lituztekete EAJk eta EH Bilduk. PP litzateke kaltetuena, sondeoaren arabera, eserleku bat galduko lukeelako, hiru eskuratuta. PSE-EEk lau eserlekuak mantenduko lituzke, eta Sumarrek zein Voxek ordezkari banarekin jarraituko lukete.

Gipuzkoan ere eserleku bat gehiago lortuko luke EAJk, PSE-EEren kaltetan. Hamar lortuko lituzkete oraingoan jeltzaleek, eta hiru sozialistek. Lehenengo indarra, berriz ere, EH Bildu litzateke, 11 aulkirekin. PPk bakarrarekin jarraituko luke. Bizkaian, ordea, ez litzateke aldaketarik izango: EAJk 11 eserleku lortuko lituzke, EH Bilduk 8, PSE-EEk lau eta PPk bi.

Hala, EAJk irabaziko lituzke hauteskundeak eserleku eta botoetan. Jeltzaleek botoen %36,3 lortuko lukete, aurreko hauteskundeetan lortu zutena baino puntu eta erdi gehiago; EH Bilduk baino lau puntu eta erdi gehiago. Abstentzioa %39,8koa izango litzateke, 2024ko apirileko hauteskundeen antzera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago