Buesa Arena konkistatu du ETSk

Anakoz Amenabar 2025eko abenduaren 1a

Zortzi mila lagunek bete dute Buesa Arena pabiloia. Argazkia: ETS

'Konkista' disko berria aurkeztu du Ekorako taldeak, entzunaldi berezi batean.

Abenduaren 5ean kaleratuko du ETSk Konkista disko berria, baina, horren aurretik, 8.000 lagunek lehendabiziko aurkezpenaz gozatu ahal izan dute. Entzunaldi berezia antolatu du Ekorako taldeak igandean, Buesa Arena pabiloian, kanta berriak ezagutzeko. Abesti bakoitzaren bideoklipa ikusi, kanten nondik norakoak ezagutu, eta zuzenean pare bat kanta ere entzun dituzte bildutakoek.

"Idazten, bilatzen eta berreraikitzen" urtebete eman ondoren, azkenean jendaurrean partekatzeko aukera izan dute, "sendatzeko, ulertzeko, onartzeko eta sentitzeko diskoa". Emanaldiaren ostean, taldeak eskerrak eman dizkio pabiloian harrera beroa egin dion publikoari, sare sozialetan idatzitako mezuan: "Babestuta, lagunduta eta erabat eskertuta sentitu gara. Eskerrik asko, Gasteiz, hain ekitaldi berezia posible egiteagatik. Eskerrik asko begiak itxita fidatzeagatik".

Zuzenekoan gozatzeko lehen datak 2026ko apirilaren 11n eta 25ean izango dira; Bartzelonako Palau Sant Jordin lehendabizikoa, eta Madrilgo Movistar Arenan hurrengoa.

Kanten nondik norakoak ezagutu zituen publikoak, Iñigo Etxezarretaren eskutik. Argazkia: ETS

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago