Foru aurrekontuen "gabeziei" aurre egiteko hamalau neurri proposatu ditu EH Bilduk

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 28a

2026ko aurrekontuak negoziatzeko prest daudela esan du Lopez de Arroiabek. Argazkia: EHBILDU

2026rako aurrekontuak negoziatzeko proposamenak helarazi dizkio EH Bilduk foru gobernuari. "Gure eskua luzatuta dago", esan du Eva Lopez de Arroiabek.

"Proiektu argirik ez duen gobernu baten gabezia garrantzitsuak" antzeman ditu EH Bilduk foru aurrekontuen proiektuan. Horri aurre egiteko guztira hamalau neurri proposatu ditu, "herrialdean funtsezkoak diren sei erronkaren inguruan: etxebizitza, zaintzak, industria, trantsizio ekosoziala, lurralde oreka eta balioen borroka".

Datozen egunetan Arabako herritarrentzako "akordiorik onena" lortzea espero dutela esan du Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaileak. Baina, aldi berean ohartarazi du "denak ez duela balio", eta PP "normalizatzearen" aurka agertu da: "Orain gobernuak erabaki behar du: edo atzera egin PPren eskutik, edo aurrera egin EH Bilduren eskutik".

Neurrien sorta zabala

Proposatutako neurrien artean etxebizitzaren ingurukoak azpimarratu ditu Lopez de Arroiabek, eta Bizi Bedi programaren bidez etxebizitza sozialak eta gazteentzako etxebizitzak sustatzeko udalerrientzako finantzazio lerroa hobetzea eta handitzea proposatu du. Halaber, etxebizitzen salmentan espekulazioa geldiarazteko eta etxebizitzaren alokairuan gehiegizko errentak saihesteko neurriak martxan jartzea ere proposatu du EH Bilduk.

Gizarte zerbitzuen pribatizazioa gero eta handiagoa dela ohartarazi du batzarkideak. Horregatik proposatu du EH Bilduk zaintza zerbitzuak ematean "irabazi asmoa ezabatzeko neurriak martxan jartzea". Gainera, Arabako kuadrilla guztietan egoitza publikoak sortzeko baliabideak handitzea.

EH Bilduk Aiaraldea "berrindustrializatzea eta deskarbonizatzea" ahalbidetuko duen plan espezifiko bat abian jartzearen alde egin du, industriaren alorrean.

Halaber, Arabako deskarbonizaziorako "plan estrategiko" bat eta toki entitateei bide horretan aurrera egiten lagunduko dien finantzazio lerro bat proposatu ditu; hamabost urtetik beherakoentzako AlavaBus txartela doakoa izatea ere negoziatu nahi du EH Bilduk; eta lehen sektorea birmoldatzeko proiektuak martxan jartzea eta lurra kudeatzeko agentzia bat sortzea.

Politika feministak

EH Bilduk kritikatu duenez berdintasunera bideratutako programa 92.000 eurotan murriztu dute PSEk eta EAJk aurrekontu proiektuan, eta hori ez dela onargarria nabarmendu du Lopez de Arroiabek. "Ez dakigu indarkeria matxistaren egiturazko existentzia zalantzan jartzen duen PP horri egindako keinua den, baina ez da onargarria".

Murrizketa horren aurrean, EH Bildutik politika feministak zeharka gauzatzearen aldeko apustua egiten dutela esan du, eta gobernuari politika feministak martxan jartzeko zuzendaritza propioa sortzea planteatu diote eta diru partida handitzea, esan du Lopez de Arroiabek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago