Kirola ez da euskararen harrobi izaten normalean. Ume eta gazte gehienen eguneroko bizitzan euskara eskola edo institutuko gaia besterik ez da. Etxean, lagun artean, kalean edo sare sozialetan ez dute euskara erraz topatzen. Euren identitatea eraikitze bidean gutxi dira euskaldun erreferenteak. Zaila da ohiturak aldatzea, baina bada saiatzen denik. Haien artean daude Judizmendi Igeriketa Kluba, Arabatxo Gimnasia Kluba eta Arabako Pilota Federazioa, euskararekin hainbat konpromiso hartu eta betetzeagatik Harrobi ziurtagiria jaso dutenak. Euren ordezkari diren Eider Olabe, Aida Martinez eta Aitor Ruiz de Luzuriagarekin mintzatu gara.
Kirolaren munduan ez da hain ohikoa euskara aditzea. Zein egoera zenuten lehen eta nolakoa da orain?
Aitor Ruiz de Luzuriaga: Federazioan duela urte batzuk hasi ginen, 2013an Gasteizko Udalaren euskara zerbitzuarekin Euskara Sustatzeko Plana abiarazi zenean. Ondoren, 2018an, Emun aholkularitza bidelagun, euskararen presentzia eta erabilera handitzeko mikroplana osatu genuen, eta 2024an Eusko Jaurlaritzaren Kirolean Bagoaz saria jaso genuen. Kirolean euskara sustatzeko dauden bi diru laguntza eskatzen ditugu urtero (badira jada zortzi urte), eta hauetan euskararen erabilera areagotzeko urteko ekintzak eta helburuak zehaztuta ditugu. Bestelako ekimenetan ere parte hartzen dugu: Korrikan, Euskaraldian, Euskara: marka eta erronka topaketetan… Etorkizunean, hartutako bidean sakondu nahi dugu, Federazioan euskararen presentzia, kudeaketa eta erabilera areagotzeko.
Aida Martinez: Gurean, egia esan, aldaketa oso erradikala izan da, zerotik gatozelako. Euskara ez zen gimnasioan erabiltzen, eta oraintxe bertan esango nuke ia-ia 8ko nota batean gaudela. Komunikazioa, publizitatea eta gainerako euskarri guztiak elebitan doaz. Gimnasia eskoletako hizkuntza nagusia euskara da, eta familiekiko komunikazioa euskaraz izaten da, horrela nahi badute. Aldaketaz oso harro gaude, eta edozertarako prest gaude.
"Gure burua indartsu ikusten dugu, orain arte garatu ditugun errutina linguistikoak mantendu eta garatzeko aukera dugu"
Aitor Ruiz de Luzuriaga, Pilota Federazioa
Eider Olabe: Gure kluba 1935ean jaio zen, Gasteizko zaharrena da, Alaves eta Aurrera-ren ondoren. Euskararekin lanean urteak daramatzagu normalizazioan eta erabileran. Orain dela urte batzuk euskara plan bat egin genuen, aurten berritu duguna. Horrela identifikatu izan ditugu gure ahuleziak, indarguneak, etab. Ahal dugun heinean, arreta euskaldunago bat eskaintzeko.
Harrobi ziurtagiria eman dizuete euskararen erabilera eta sustapena aitortzen duena... Zer/nola jorratzen duzue euskara egun?
E.O.: Batetik, barrurako lan handia egin dugu, gure dokumentazioa-eta euskaratu dugu, adibidez. Kanporako, webgunea, sare sozialak, familiekiko komunikazioak euskaraz izan daitezen saiatzen gara. Elebitan egiten dugu dena. Klubean bi jarduera nagusi jorratzen ditugu: igeriketa eskolak umeentzat eta lehiaketak gazteentzat. Eta, bestalde, jarduerak bideratzen dituzte gure monitore eta entrenatzaileek. Azterketa sakona egin dugu denon ezagutza maila jakiteko. Horrela jakingo dugu hurrengo pausoak nola eman.
A.M.: Urte batzuk daramatzagu entrenamenduetan euskara hizkuntza ofizial gisa ezarri nahian. Gure euskara plana diseinatzen hasi ginenetik, aldaketa asko egin ditugu gimnasioan, eta orain saio guztietan euskara da hizkuntza nagusia. Bestalde, egia da batzuetan gaztelania erabili behar izaten dugula beste erkidego batzuetatik, Errioxatik edo Burgosetik, etortzen diren kirolariak ditugulako, eta hizkuntza teknikoa erabiltzean ere gaztelaniaz egin behar izaten dugu batzuetan.
"Gure indargune nagusia da euskarari ematen diogun balioa"
Eider Olabe, Judizmendi igeriketa kluba
A.R.: Denetarik egin dugu eta ari gara. Pilotalekuan euskaraz kanpaina martxan daukagu (roll up-ak, erakusketak, hitzaldiak, esku orriak, hiztegia, pilotaren inguruko informazioa, historia, frontoi motak, pilota bat egiteko prozesua, emakumearen presentzia euskal pilotan, modalitateak, erraminta motak… Horrez gain, webgunea eta app-a eskaintzen ditugu euskaraz, baita harrera fisikoa zein telefono bidezkoa, txapelketetako aurkezpenak, publizitatea elebitan. Ikastaroetarako begirale elebidunak kontratatzen ditugu eta administrazioekin ditugun harremanak aukera dagoen guztietan euskaraz izaten dira, bai idatzizkoan, bai ahozkoan. Guretzat Harrobi eskuratzea egindako lanari sari bat ematea da, gizartearekiko dugun erantzukizun transbertsalari, euskal pilotaren bitartez euskararen erabilera sozializatzea: pilotalekuan euskaraz gozatu eta bizitzan euskararen erabilera sustatu.
Zeintzuk dira zuen ahuleziak eta zertan zabiltzate indartsuago?
A.M.: Ahuleziak... Ez dut uste ahuleziarik dugunik. Egia da entrenatzaileren batek ez duela hizkuntza menderatzen, baina saiatzeko prest dago. Hitz edo esaldiren bat erabiltzen hasi dira eta belarriprest dira beti. Oso talde gaztea dugu, oso prestatua, dinamikoa, lan egiteko gogo handia duena eta Arabatxok bultzatu nahi dituen jarduera guztietan gure hizkuntza presente egon dadin laguntzeko gogo handia duena.
E.O.: Gure indargune nagusia da euskarari ematen diogun balioa. Klubean denok ados gaude euskararen normalizazioa eta erabilera handitu nahi dugula. Beste indargune bat da euskararen ezagutza handia dagoela klubean. Ahulezi handiena gure erronka nagusia ere bada: ezagutza handia bada ere erabilera ez da horren neurrikoa. Nola handitu dezakegu? Hor dago koxka. Beste ahulezietako bat da klubak profil askotako jendea biltzen duela: ezagutza maila, errealitate eta euskararekiko jarrera ezberdinetakoak. Horren jakitun izan behar dugu aurrera pausoak emateko. Era berean, langileek ere ezagutza maila ezberdina dute. Emunek lagundu digu planarekin, eta aholkularitza, formakuntza eta abar eskaini. Guk honela laburtu dugu gure asmoa: Judizmendi Igeriketa Klubean euskararen alde busti egiten gara!
"Euskara ez zen erabiltzen gimnasioan, eta orain gimnasia eskoletako hizkuntza nagusia euskara da"
Aida Martinez, Arabatxo
A.R.: Ahuleziak guretzako erronka dira, eta Harrobi ziurtagiriaren bitartez detektatu ditugun haietako zenbait jorratuko ditugu etorkizunean: sare sozialetan egiten diren argitalpenetan euskarari garrantzia ematea; baliabide informatikoen kasuan euskaraz jartzeko aukera aztertuko dugu, eta hornitzaile berriak kontratatzerako orduan euskaraz egiteko gaitasuna izatea lehenetsi. Gure burua indartsu ikusten dugu, orain arte garatu ditugun errutina linguistikoak mantendu eta garatzeko aukera dugu. Euskararen sozializazio prozesuan pilotalekuak parte aktiboa izatea nahi dugu. Pilotalekuan Euskaraz kanpaina bizirik dugu eta sinesten dugu estrategia egokia dela euskal pilotaren arloan aritzea.