Etxean euskara transmititzeko hautu kontzientea egin duten familia gasteiztarrak ikertzen dabil Anne Egaña (Basauri, 2000), dituzten hizkuntza ideologiak, estrategiak eta praktikak aztertzen. LH eta DBHko haurren gurasoekin hitz egin du, eta azken hauen kasuan, baita nerabeekin ere. Europa hego-mendebaldeko hizkuntza gutxituen jarraipena egiten ari dira, euskaraz gain, katalana, galegoa, aragoiera eta okzitanierari begira.
Zer moduz dago transmisioaren osasuna Gasteizen?
Joera goranzkoa da, egia esanda. Ikerketan parte hartu duten gurasoen kasuan, askok diote familia euskaltzaleak zirela haienak, baina ez zekitela euskaraz. Gasteizen profil hori oso ohikoa da: "Nire gurasoak hezkuntza publikoan D eredua sustatzeko manifa guztietara joaten ziren, baina oso aukera gutxi izan zuten ikasteko. Gu gara lehenak benetan euskara transmititzeko aukera daukagunak". Transmisioa ez da hutsetik hasi, planifikazio bat egon dela diote aurretik, beren gurasoen aldetik.
Eta orain haiek guraso direnean, zer estrategia izaten dituzte euskarari eusteko?
Espazioka bereizi ditugu estrategiak analisian, izan familia barruan, eskolaren aukeraketan, eskolaz kanpoko jardueretan, aisialdian… Oraingoz eskolaz kanpoko jarduerekin lotutakoak aztertu ditut gehienbat. Eta interesgarria iruditu zaigu ez direla mugatzen eskolaz kanpoko ekintza bat aukeratzera. Euskarazko ekintzak lehenesten dituzte, baina gerora gainbegiratu ere egiten dute, ea euskaraz egiten den, ea umeek haien artean egiten duten, begiralea nola harremantzen den haurrekin… dinamika soziolinguistikoak ikuskatzen dituzte guraso hauek. Eta inkoherentziak sumatzekotan kexa formalak bideratzen dituzte.
"Euskarazko ekintzak lehenesten dituzte, baina gerora gainbegiratu ere egiten dute"
Guraso bereziki 'forofoak' aukeratu dituzu.
Noski. Guraso profil hau oso proaktiboa da. Eta kontziente dira Gasteizko testuinguruan euskara transmititzea hautu bat dela, hautu politiko bat askotan, horrekin lotzen dute. Profil hori ikertu nahi dugu, eta horiek zer estrategia garatzen dituzten.
Aisialdian zer estrategia dituzte gurasook?
Ikusi dut adibidez lagun taldeak osatzen dituztela, haurrek euskaraz sozializatzeko. 22 familiak hartu dute parte ikerketan, eta askok esaten dute eskolako testuinguruan badituztela euskara taldea edo guraso elkarteak, eta horrek ahalbidetzen diela elkartzea euskarazko sozializazioa bultzatu nahi duten beste guraso batzuekin. Hori izaten da dinamika, elkartu eta, adibidez, joatea Geu elkarteak antolatutako Igandeak Jai ekimenera, edo Florida zinemetara… Beste esparru batzuetan ikusgarri egin nahi dute euskara, familiaz eta eskolaz kanpo. Eta han ezagututako familiekin mendira edo beste gauzetara joaten dira. Komunitatea egiten dute.
Eta zer joera dituzte umeek?
Nerabeak elkarrizketatu ditut, eta ikusi dudana da espazio seguru modura identifikatzen dituzten horietan ausartzen direla euskaraz egitera. Oso zaila da. Integratu nahi duzu, guaia izan nahi duzu, eta desberdina izatea normalean ez da guai izatearen sinonimo. Asko kostatzen da, adibidez, institutua bezalako testuinguru batean aurre egitea, eta esatea: "Hasiko naiz orain mundu guztiarekin euskaraz hitz egiten". Hala ere ikusten da nerabeek haien estrategiak dituztela, haien espazio seguruak diren lagun taldeak, militantziakoa, euskal dantzakoa… eta han egiten dutela euskaraz. Eta, bestela, apur bat malgutasunez moldatzen dira. Baina batzuek izaten dituzte halako irlatxoak.
Baina burbuila horietatik kanpo...
Zaila da, oso zaila da. Gehiengoan gaztelaniaz harremantzen dira. Institutuko testuinguruan, esaten dute, agian pertsona batekin egiten dutela euskaraz. Eta askotan zelako jazarpena edukitzen duten ere bai. "Zuek zergatik ari zarete euskaraz? Si ez dago irakaslea aurrean, egin lasai gaztelaniaz!". Euskara ez da araua, eta horrek azkenean erdigunean jartzen zaitu.
Nola bizi dute hori nerabeek?
14-17 urte bitartekoak elkarrizketatu ditut. Eta orokorrean kontzientzia pizte bat ikusi dut nagusitxoagoak direnen artean, batxilergoko lehen urtean daudenen artean edo. Galdetzen nien, "uste duzu zuk zure gurasoen antzeko balioak ematen dizkiozula euskarari?". Eta gehienek oso argi baietz. Askok esaten dizute LHtik DBHra zenbat aldatu dituzten hizkuntza ohiturak, askoz errazago egiten zitzaiela LHn euskarari eustea. Betiko taldetxoa izatetik, salto egin institutu handi batera eta, buf, hor nabigatzea ez da hain erraza, korrontearen kontra egitea. Baina askok diote "banabil, berriro hasi naiz. Jada konturatu naiz nire gurasoek esaten zutenaz, orain topera egingo dut".
Instituturako trantsizioan izaten da galera handia?
Askotan bai. Harreman sareak asko zabaltzen dira. Gurasoen estrategietan ere ikusten da, esaten dute LHn askoz kontrol gehiago daukatela seme-alaben gainean, baina institutura pasatzen direnean malgutzen dela. Haiek ere onartzen dute, "ja ez dugu hainbeste kontrolatzen".
Ezin dutelako?
Ezin dute. Etxeko testuinguruan jarraitzen dute, hor ezin da negoziatu, eta nerabeek ere ez diete kontra egiten. Baina noski, nerabeak direnean, haien lagunen aurrean esatea, "zuek, egin euskaraz...". Ez dituzte seme-alabak lotsatu nahi. Kontziente dira, eta haien burua erreprimitzen dute apur bat. Baina esperantza gordetzen dute, nolabait ereiten joan direla, eta horrek fruituak emango dituela. Haiek ere bizi izan dute berdina. Tope gaztelaniaz egin nerabezaroan, eta momentu batean kontzientzia piztu eta aldaketa egin. Haien esperantza da seme-alabek hori erreproduzituko dutela.
Zer indar dauka etxean jasotako giroak, eta zer pisu kaleak?
Erreferenteak aldatzen doaz adinean gora egin ahala. Txikitan gurasoek esandakoaren menpe daude gehiago, eta gero autonomia hartzen doaz. Baina ikusi dudanagatik, oro har, bat egiten dute haien gurasoen pentsamenduekin. Ildo hori ez da erabat galtzen.
Asko izango da, hizkuntza transmititzeaz aparte, grina bera transmititzea.
Transmisioa batzuetan gehiago da ideologikoa, garrantzi handia ematen diote horri. Esaten dute, "atxikimendua lortu behar dugu". Institutuan ez omen dago atxikimendu handirik euskararekiko. Eta nerabeek aitortzen dute ulertzen dituztela klasekideak. Askorentzat euskara eskolako hizkuntza da, eta askotan ez daukate konpententzia linguistiko nahikorik, gehiago kostatzen zaie euskaraz hitz egitea. Orduan, ez dituzte kideak behartzen, ezta epaitzen ere.
"Institutu handi batera salto egin, eta ez da erraza korrontearen kontra egitea"
Guraso erdaldunek bilatzen dituzte euskaldunak, haurrak euskalduntzeko?
Orokorrean ez. Aipatzen dute askotan oso zaila izaten dela. Mendi irteera bat egin, umeek euskaraz sozializatzeko, eta noski, familia erdaldunetako umeak ere onartzen dituzte. Baina batzuetan zaila da irizpide linguistikoa eta inklusioa uztartzea. Ez dute inor baztertu nahi, baina kontziente dira aldi berean gehiengo absolutua behar dutela euskarari eusteko, masa kritiko inportantea behar da. Baina oro har ez dituzte halako espazioak nahita blindatzen.
Zer zailtasun izaten dituzte gurasoek?
Gehienbat etxe barruan ez daukate arazorik euskara mantentzeko. Baina etxetik kanpo dauden erronkak galdetuta, argi diote: "Dena. Etxeko atea zabaldu, eta dena dago gure kontra, dena da erronka". Euskal Herriko beste kasuen antzeko emaitzak ikusi ditut nik ere. Asumitzen dute haien seme-alabek fase bat pasatuko dutela, gaztelaniaz hitz egingo dutela. Batzuk frustraziotik, eta beste batzuk oso lasai, esperantzarekin, bueltatuko direla.
Zer nabarmenduko zenuke?
Garrantzitsua dela gazteei ahotsa ematea. Ez bakarrik gurasoek zer egiten duten, baizik eta haurrek zer pentsatzen duten, zer erronka dituzten, zer testuingurutan bizi diren, zer presio jasaten dituzten… Ez dira araua, eta integratzen saiatzen ari dira. Goazen haien bizipenak entzutera, hortik ekiteko.
Gomendio zerrenda bat egin beharko bazenu?
Hori da planetako bat, estrategia txosten dibulgatibo batzuk egitea. Nire ustez euskararekiko esposizioa ahalik eta gehien sustatu behar da. Eta zenbateraino esku hartu, behartu, eskatu... askotan seme-alaben izaeraren arabera moldatu behar da. Hizkuntza transmisioaz gain, gakoa da borrokaren parte izate hori ere transmititzea. Azkenean, zergatik bueltatzen dira nerabe hauek nagusiagoak direnean hautu hori egitera? Euskara ez delako bakarrik hizkuntza bat, askoz gehiago da, identitatea, mundua ikusteko era.
Zer esaten digu horrek euskararekiko grina jaso ez dutenetaz?
Askoz zailagoa da zentzu horretan. Apur bat katastrofikoa da, baina oso zaila da ahalduntzea atxikimendua garatzen ez baduzu eta gaztelania oso hegemonikoa den testuinguru batean bizi bazara. Baina gurasoak ez dira beti gakoa, atxikimendua beste leku batzuetatik ere heldu daiteke. Nire kasua hala izan da, nire gurasoek ez dakite euskaraz, eta nire kabuz eman dut pauso hori.
Aldeak daude euskara eta beste hizkuntza gutxituen artean?
Bai. Batetik hizkuntzaren jatorria. Katalanez egiten baduzu Bartzelonako denda batean, agian ulertuko zaituzte. Baina orokorrean antzeko jarrerak topatu ditugu, guraso proaktibo asko dago. Pasotismo asko ere bai. Aurrekoan Elxeko ikerlari batek aipatzen zizkidan gurasoen espektatibak, eta esaten omen dute "beno, familian mantentzen badute… noizbait seme-alabak badituzte, eta valentziera transmititzen badiete… super pozik". Gasteizko gurasoak askoz anbiziotsuagoak dira.