Trebiñarrak Lagranen artatuko dituzte

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 26a

2014tik martxan dago eguneko arreta zentroa. Argazkia: OSKAR KORRES LARRAURI

Lañu, Baxauri, Obekuri, Albaita eta Paritzako egoiliarrek Lagrango eguneko zentrora jo ahalko dute, bi udalerrien arteko hitzarmen bati esker.

Trebiñuko zenbait herritako bizilagunek Lagrango eguneko arreta zentrora joateko aukera izango dute, Lagran eta Trebiñuko udalen artean sinatutako lankidetza hitzarmen bati esker. Hala, Lañu, Baxauri, Obekuri, Albaita eta Paritzako egoiliarrek Lagranen dauden hamabost plazetako batean artatu ahalko dituzte hemendik aurrera.

2014tik martxan dagoen zentroaren finantzazioaren %80 aldundiak hartzen du bere gain, eta beste %20 udalaren esku geratzen da. Bada, orain Trebiñurekin sinatutako hitzarmenaren ondorioz, bi udalerriek partekatuko dute dagozkien %20 hori, beti ere udalerri bakoitzean dagoen erabiltzaile kopuruaren arabera. 

Lagrango Udalak ohar batean ezagutzera eman duenez, aldundiak arautuko du onarpen prozesuan, bi udalerrietako gizarte langileekiko koordinazioan. Urtzi Gaintzarain Lagrango alkatearen esanetan "ez du zentzurik" Trebiñun bizi diren herritarrei eguneko zentrorako sarrera galaraztea "banaketa administratibo anakroniko batean oinarrituta".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago