Saaki aurkeztu dute, Txagorritxuko haurrak lagunduko dituen robota

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 25a

Pediatria atalean erabiliko dute Saaki robota. Argazkia: IREKIA

Teknologiaren bidez, ospitaleratutako haurren esperientzia hobetu nahi dute.

Saaki proiektua aurkeztu du Bioarabak, Jaurlaritzako Osasun Ikerketarako Institutuak,  ospitaleratutako haurren esperientzia teknologiaren bidez hobetzeko helburuarekin. Proiektuaren aurkezpena Arabako Unibertsitate Ospitalean egin dute, eta bertan izan dira Alberto Martinez Osasun sailburua eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusia, beste hainbaten artean.

Bioarabaren berrikuntza konpromisotik sortu da Saaki, ospitalean azaldu dutenez, eta bereziki haurren ospitaleko egonaldiek eragiten duten antsietatea arintzea bilatzen du. Saaki robotak 130 zentimetroko altuera eta 35 kiloko pisua ditu, 9 eta 11 urte bitarteko haur baten proportzioen antzekoak, eta horrek gertuko elkarreragina errazten du pazienteekin, beldurrik gabeko ingurunea sortuz.

Robota adimen artifizialarekin, 3D sentsoreekin eta komunikazio aurreratuko gaitasunekin hornituta dago. Horri esker, pazienteei laguntza emozionala, hezkuntza laguntza eta entretenimendua eskaini ahal die modu naturalean. Robota gai da haurrekin elkarreragiteko, prozedura medikuak modu erraz batean azaltzeko edo hezkuntza jardueretan parte hartzeko, arreta osatzeko tresna gisa funtzionatuz.

Saakirekin, ikerketa ildo berriak irekitzen ditu, besteak beste, errehabilitazio pediatrikoan, osasun-hezkuntzan eta terapia motorrean. Juan Fernandez Bioarabako Berrikuntza koordinatzaileak adierazi duenez, proiektu honek ezagutza sortzeko, inpaktu emozionala ebaluatzeko eta laguntza humanizatzeko lan ildo berriak irekitzeko aukera ematen du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago