Txabi Arnal/ Edu Zelaieta

"Umeei ezin zaie errealitatea ezkutatu, gordina izan arren"

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 22a

Txabi Arnal Gil eta Edu Zelaieta Anta, 'Alepoko zazpi pediatrak' liburua eskutan. Argazkia: ALEA

Mohammed Wasim Moazek pediatraren heriotza du abiapuntu Edu Zelaieta eta Txabi Arnalek, Raquel Samitier ilustratzailearekin batera, ondutako liburu berriak, Elkarrek argitaratutako 'Alepoko zazpi pediatrak' ipuinak.

2017ko gertakari gordin hura haur literaturara ekarri dute, elkarlanean izan duten erronka handienetako batean. Zu Non, Han DA! egitasmoari esker, Durangoko Azokan aurkeztu aurretik, Gasteizko Elkar dendan izango dira azaroaren 26an, 18:30ean, haur literaturako aditu Karla Fernandez de Ganboarekin batera.

'Alepoko zazpi pediatrak' seigarren liburua duzue elkarrekin. Desberdinena al da hau? 

Edu Zelaieta: Denak dira desberdinak, eta bakoitzak bere prozesua eta bere bereizgarriak ditu. Honetan, kontzienteki gai potolo eta unibertsal bati heltzea erabaki genuen, nazioartean irakurritako albiste batetik abiatuta, eta bereizgarria da horrek dakarren erronka; nola kontatu berez gordina eta tamalgarria den albiste bat, Al Quds ospitalean bonbardaketa batean hil zen azken pediatraren albistea. Gerra bera baino gordinagoa den istorioa, beraz. Nola ekarri hori haur literaturara. Horrek prozesu luze eta zaindu batera eraman gintuen; momentu batzutan bost lagunen artean, edizio eta maketazio prozesuan.

Txabi Arnal: Luzea izan da prozesua, baina guztion hitza entzun dugu, eta hobekuntza eta aldaketa ugari izan dira. 

"Errealitate dosi handi bat du liburuak, baina badu fantasia eta umorea ere"

Egitura berezia du liburuak, ezta?

T. Arnal: Atzera zenbaketa bat da. Pediatra bakoitzak bere kapitulua dauka, eta desagertzen joango dira... Zazpi pediatra dira, batetik haur literaturan zenbaki magikoa delako zazpia, horra Zazpi antxumeak..., eta, aldi berean, honek zazpigarren liburua izan behar zuelako eta gure obrari ere keinu bat egin nahi geniolako.

Nola eraman gordintasun hori haur literatura?

T. Arnal: Gure asmoa beti izan da errealitatea kontatzea. Konbentzituta gaude umeei errealitatea ez zaiela gorde behar, nahiz eta gordina izan, ez zaiela ezkutatu behar.

E. Zelaieta: Gaurko joera nagusiaren kontra...

T. Arnal: Gu saiatu gara bidea bilatzen hori kontatu ahal izateko, nolabait gai tristeekiko umeen erresistentzia muga gainditu gabe. Hemen errealitate dosi handi bat dago, baina badago fantasia eta umorea ere. Horiek gure praktikatzeko moduan egon dira beti, eta egongo dira.

E. Zelaieta: Saiatzen gara aldarrikapenak praktikatzen: idazten dugunean, bitartekariak garenean, haurrekin gaudenean irakurle klub batean edo bestelako saio batean... Kasu honetan, erronka nagusietako bat izan da nola orekatu gazia eta goxoa, nola orekatu hemengo haurrek ezagutzeko duten eskubidea, baina, noski, betiere itxaropena utziz. Umorearena, esate baterako, zaila izan da. Baina ez dugu ahaztu behar gerra batean dagoena, bizirik baldin badago, oraindik ere bizirik dagoela. Ez al da zigor bikoitza gerran dagoen haur horri elkartasuna eta negarra besterik ez dedikatzea? Ez al du haur horrek jolasteko eta umorerako tarterik?...

T. Arnal: Ez da narrazio ilun bat. Tristea batzuetan, baina ez iluna.

"Askotan ahaztu egiten dugu ipuina irakurriko duena ume bat izango dela"

Gaur egungo joera haur literaturan beste bat dela aipatu duzue. Errealitatea ezkutatzea?

T. Arnal: Esango nuke joera dela helduon ikuspegitik kontatzea. Helduontzat egoki dena argitaratzea. Askotan ahaztu egiten dugu ipuina irakurriko duena ume bat izango dela. Bitartekariak gara helduok, eta batzuetan gure bitartekari lana ez dugu ondo betetzen.

E. Zelaieta: Eta ez da kasualitatea hori testuinguru soziologikoan txertatzen dela. Joera nolabait AEBetan dagoena da. Gehiegizko babesa. Eta hau esplizituki askotan aipatu izan dugu Txabik eta biok. Azken bolada honetan, adibidez, hemengo ikastetxeetan egon izan dira zenbait kasu non gurasoak sartu izan diren ikastetxeak hartutako erabaki literarioetan, irakurri behar zuten liburu hura ez zelako egokia, guraso horien ustez. Eta egokitasunaz luze eta zabal hitz egin dezakegu, baina honek adierazten du nola guraso batzuek sentitzen duten erabateko eskubidea ikastetxeari esateko zer irakatsi eta zer ez. Hau guztia haur literaturan gertatzen da, denok osatzen dugun testuinguru soziologiko honetan.

Helduongan galderarik sortuko al du liburuak?

E. Zelaieta: Dagoeneko sortu ditu batzuk. "Gerra gai egokia al da haurrentzat?" izan daiteke bat.

T. Arnal: Eta honetaz guztiaz hitz egiteko haur literaturan aditua den Karla Fernandez de Ganboa laguna izango dugu gurekin azaroaren 26ko aurkezpenean. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago