Euskararen historiaz jardungo dute datorren astean

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 21a

Dialektologia historikoaren eta testu azterketen alorrean egindako azken ekarpenak jorratuko dituzte. Argazkia: COMMONS

Testuak eta aldaerak aztergai izango dituzte datorren astean Micaela Portilla ikergunean egingo duten nazioarteko lehen biltzarrean.  

Euskararen Historiari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra egingo dute datorren astearte eta asteazkenean EHUko Arabako campuseko Micaela Portilla ikergunean. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saileko Monumenta Linguae Vasconum ikerketa taldeak antolatuta, biltzarrak Testuak eta aldaerak aztergai izango du gai nagusitzat.  

EHUk ohar batean azaldu duenez, kongresuan dialektologia historikoaren eta testu azterketen alorrean egindako azken ekarpenak bilduko dituzte. "Euskara aztergai duen hizkuntzalaritza historikoa ikuspegi teoriko berrietan barneratu da, eta, aldi berean, testu aurkitu berriek ere ahalbidetu dute gure jakintzan sakontzea", aurreratu dute. 

Parte hartzaileen artean, UIUC unibertsitateko (AEB) Jose Ignacio Hualde eta EHUko Juan Jose Larrea nabarmendu ditu erakunde publikoak hedabidetara bidalitako oharrean. Orotara, biltzarrean bost herrialdetako etorritako ikertzaileen berrogei bat ekarpen aurkeztuko dituzte.  

Arabarekin lotura duten ekarpenei dagokienez, Joseba Abaituak Apelativos latinos de sustrato en la Reja de San Millán (1025) izeneko lana aurkeztuko du. Agiri horretan agertzen diren latin jatorriko hitzak aztertu ditu Abaituak, XI. mendearen hasieran Arabako euskarak hitz horiek oinarri gisa  hartu zituela babestuz.  

Asier Gonzalez Casadok, berriz, Araba ipar-mendebaldeko euskara bere azken lekukotasunetan gaia jorratuko du, XX. mendeko ahozko iturrietan Aiaraldea, Legutio edota Aramaio inguruko ahozko euskararen azken lekukotasunetan oinarrituta.  

Jose Luis Ormaetxea, Ander Ros eta Jose Luis Ugarte Garrido ikertzaileek, berriz, Orotariko Euskal Hiztegia elikatzen: Aramaioko lexiko historikoa landuko dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago