Agurainek baino ez du lortu gazteentzako alokairurako laguntza

Juanma Gallego 2025eko azaroaren 19a

Herrietan alokairurako etxebizitzen birgaitzea sustatu nahi du programak. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Alokairurako etxebizitzak birgaitzeko Araba(n) Bizi Bedi izeneko programan, Aguraingo Udalaren proposamen bat onartu du aldundiak, Antoñana eta Bastidarenak atzera botaz.

Arabako herrietan alokairu sozialerako etxebizitzak erosteko eta birgaitzeko Araba(n) Bizi Bedi izeneko programara emantzipaziorako alorrean egindako deialdian hiru eskari baino ez dira aurkeztu, eta, horietatik, bati baino ez diote eman diru laguntza, joan den asteko Foru Gobernu Kontseiluan onartutako akordioan jaso dutenez.

Hala, Aguraingo udalak 260.000 jasoko ditu Bustamante jauregia zaharberritu eta bertan gazteentzako alokairu sozialean oinarritutako etxebizitzak sortzeko. Orotara, 2.161.420 euroko aurrekontua du egitasmoak. 

Diru laguntzen lerro horretan, kanpoan geratu dira Antoñanako Administrazio Batzarrak eta Bastidako Udalak aurkeztutako eskariak. Lehen kasuan, atzera botatzeko arrazoia izan da kontzejuak ez duela frogatu zaharberritu nahi zuen eraikinaren jabea dela. Bastidaren kasuan, atzera botatzeko argudiatu den zioa da aurkeztutako egitasmotik ezin daitekeela atera alokatzeko moduko etxebizitzarik.

Aldundiaren ebazpenean aurreratu dutenez, soberan geratu den dirua —lerroak 468.750 aurreikusten zituen—, programa bereko beste lerroetara bideratuko dituzte: etxebizitza eskuratzekoa (625.000 euroko zuzkidura, 2025 eta 2026 artean) eta alokairurako birgaitzea (1.375.000 eurokoa).

Iazko ekainean abiatu zuten Araba(n) Bizi Bedi programa, EH Bildurekin foru aurrekontuetarako egindako akordioen barruan. 2027ra bitarte,  10,5 milioi euro bideratuko dituzte toki erakundeek alokairurako etxebizitzak erosi eta birgaitu ditzaten.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago