hegazti gripea

Hegazti gripeari "zorroztasun zientifikoz" aurre egiteko eskatu du sektoreak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 18a

Salbuespenak ezarri ditu Jaurlaritzak oiloen konfinamendua. Argazkia: ALEA

ENBA eta EHNE "harrituta" agertu dira Eusko Jaurlaritzak bileratatik kanpo utzi dituelako. Oiloen konfinamenduak ekarriko dituen arazoak azpimarratu dituzte.

ENBA eta EHNE Euskal Herriko nekazarien erakunde profesionalek ohar bateratua kaleratu dute  hegazti gripearen aurrean euskal administrazioek –Eusko Jaurlaritzak eta hiru diputazioek– iragarri dituzten neurrien inguruan. "Zorroztasun zientifikoz" joka dezatela exijitu dute, eta "neurri politikoak" alde batera uzteko. "Argitasun" eta "gardentasun" gehiago galdegin dute eta arrisku mailaren araberako neurriak hartzea.

Gainera, ENBA eta EHNE "harrituta" agertu dira Eusko Jaurlaritzak nekazarien erakundeekin zuzenean tratatzeari "uko egin diolako", bileretatik kanpo utzi dituztelako, eta hartuko diren neurriak ez dizkiolako sektoreari jakinarazi.

EHNEk eta ENBAk administrazioari eskatu diote sektoreko eragile guztiak –nekazarien erakundeak, enpresak eta kooperatibak– lan mahaietara deitzeko, eta behar bezalako oinarri zientifikoarekin gizartea informatzeko "Euskadin dugun hegaztien produkzio sistemaren onurei buruz".

Arintzeko neurriak

Espainiako Gobernuak etxeko hegaztiak konfinatzeko emandako aginduaren ostean, astelehenean Eusko Jaurlaritzak bilera egin zuen foru aldundiekin eta sektoreko zenbait kiderekin. Ondoren iragarri zuen salbuespenak ezarriko dituela konfinamenduan eta oiloak denbora tarte jakin batzuetan haztegietatik atera ahal izango dituztela.

EHNEk eta ENBAk adierazi dutenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan oiloaren sektorearen gehiengoa estentsiboa eta ekologikoa da, eta horietan hegazti gripeak eragin txikiagoa du. "Hegazti gripeak eragindako ustiategien %90a baino gehiago ziklo konfinatua duten ustiategiak dira", azaldu dute abeltzainek.

Hala ere, beldur dira nekazariak euskal administrazioa ez ote den ari egiten animalia kopuru txikia duten ustiategi txikiak konfinatzearen aldeko apustua. Gogoratu dutenez, EAEko hegaztien sektore estentsiboak "aspalditik ditu barneratuta gaixotasunaren arriskuak gutxitzeko prebentzio neurriak, hala nola animaliak etxaldeen barruan elikatzea, aire zabaleko ur biltegietan ez edatea, ustiategietatik kanpoko pertsonak sartzea saihestea edo ustiategietara sartzean arropa eta oinetakoak aldatzea".

Konfinamenduan, arazoak

Horrelako konfinamenduak gaixotasunak izateko arriskua areagotu baino ez lukeela egingo uste dute, barrualdera ohitu gabeko hegaztien leinuak baitaude, eta horrek "pododermatitis, mokoka eta estres arazoak eragingo lituzke", baita etxaldeak barruan animaliekin garbitzeko zailtasunak ere. Era berean, belardietan sareak jartzea bideraezina iruditzen zaie.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago